Garibai eta Nafarroa etorbidea, eta San Juan etxe multzoaren eta ibaiaren artean Etxaluze-Maala Ekobulebarraren eraberritze lanak aurreratuta

2021/03/12
Card image cap
Dagoeneko Garibai 16aren eta errepidearen arteko tartea erabilgarri dago oinezkoentzat Aldai parketik jaisten diren eskaileratako zebra bideraino (Garibai 21). Aldi berean, Nafarroa etorbideko bus geltokia egokitzeko lanak amaitzear dira, hiri altzarien faltan

Etxaluze-Maala Ekobulebarraren obrak aurrera doa. Pasatu den 2020ko azaroaren 18an hasita, jada gauzatu da lanen lehen fasea.

Ekobulebarraren egokitzapena proiektu estrategikoa da udalarentzat, herritarren ongizateari zuzenean eragingo baitio: “arrasatearren mugikortasuna errazteaz gainera, irisgarritasuna hobetuko du. Gainera, proiektuak barneratua du efizientzia energetikoa, herri jasangarriago eta atsegin baterantz aurrera pausuak emateko”.

Eremu bietan ari dira langileak lanean aldi berean: Garibai eta Nafarroa etorbidea, eta San Jaun etxe multzoaren eta ibaiaren arteko kalean.

Garibai etorbidea 16 (Villa Amparo) inguruan, urbanizazioa berritu dira, eta ur jolasen eremu bi egokituko dira. Aurreikusten da 2021eko ekainerako amaitzea. Gune bi izango ditu: bata haurrei zuzendua, ur zirkuitu batekin, eta bestea gaztetxoentzat, 18 ur jolas baino gehiagorekin.

Dagoeneko Garibai 16aren eta errepidearen arteko tartea erabilgarri dago oinezkoentzat Aldai parketik jaisten diren eskaileratako zebra bideraino (Garibai 21). Aldi berean, Nafarroa etorbideko bus geltokia egokitzeko lanak amaitzear dira, hiri altzarien faltan.

San Juan etxe multzoaren eta ibaiaren arteko kalean abian diren lanak, berriz, 2021eko ekainerako bukatuko dira. Jarraian helduko zaio Zaldibar alderako kalea berritzeari.

Joan den astean, otsailaren 24an, hasi ziren ere Zalduspeko bus geltokia egiteko lanak, Ekobulebarraren proiektuaren barruan kokatuak. Esparru berriak behin-behineko bus geltokia izango du aurrealdean, eta atzeko aldean parking bat egokituko da gaur egungo aparkaleku plazak bermatzeko. Lanek hilabete bi inguru iraungo dute.

Zaldusperi amaiera ematearekin bat, Garibai etorbidean Maalako biribilgunea eta Biteri kalearen artean ekingo zaie lanei. Baita Kontzezino- Garibai- Biteri eremuari ere.

Aurreikusita dago lanak 2022ko maiatzerako amaitzea.

Udalak egokitzapenak gauzatu ditu proiektuan

Arrasateko Udalak Etxaluze-Maala ekobulebarra egokitzeko proiektua eraldatu du, eta hasierako proiektuan hainbat hobekuntza lan sartu. Hala, Biteriko estatua ez da tokiz aldatuko, San Juan etxe multzoko eraldaketa aurrerago adostuko da auzotarrekin, Jose Maria Eguren plazan kanpoaldeko kalea berrituko da edo Zalduspeko behin-behineko autobus geltokiaren kokapena berrituko da, eta geltokia eraikitzea Ekobulebarraren aurrekontuan txertatuko da.

Egindako hobetze egokitzapenekin, Arrasateko Udalak proiektua egokitu du, eta lanen kostua % 10,03 merkatu. 2020ko azaroaren 5ean Osoko Bilkurak 1.729.079,97 euroko prezioan adjudikatu zion lana Construcciones Moyua SL enpresari, BEZ barik. Orain, kontratuan barneratutako egokitzapen lanen bidez, 1.555.739,34 euroko prezioa onartu da, BEZ barik.

Eusko Jaurlaritzak 80.000 euroko dirulaguntza Ekobulebarrari

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailak 80.000 euroko dirulaguntza eman dio Arrasateko Udalari ‘Etxaluze-Maala Ekobulebarra egokitzeko proiektu teknikoa’ osatzeko.