Mugikortasun jasangarrirako planaren parte hartze prozesua “inoiz baino jendetsuagoa” izan dela adierazi du Udalak
2025/02/11
Herritarrentzat abenduaren 19an amaitu bazen Mugikortasun Planari ekarpenak egiteko aukera, atzo amaitu zen alderdiek beraien ekarpenak egiteko aukera. “Lehen aldiz esfortzu parte hartzaile izugarria egin da Mugikortasun Planean herritarren parte hartzea sustatzeko. Ekintza horien artean daude auzoz auzoko parte hartze saioak, herri galdeketa egitea autobus geltokiaren kokalekuaren inguruan edo eta idatzizko alegazio formalak egiteko aukera irekitzea. Pozik gaude eman dugu urratsarekin, eta bide horretan jarraituko dugu” adierazi du Garazi Etxeberria Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.
235 pertsona auzoz auzoko parte hartze saioetan
Etxeberriak adierazi bezala, lehen aldiz eraman da Mugikortasun Planaren aurkezpena eta parte hartzeko aukera auzoz auzoko batzarretara. Guztira, saio hauetan, 235 herritarrek parte hartu dute, eta dozenaka ekarpen jaso zituzten Udal teknikariek.
“Lehen aldia zen honelako ariketa bat planteatzen zela, eta herritarrek oso positiboki erantzun dute. Auzo bakoitza beraien berezitasunei lotutako ekarpenak egin dituzte nagusiki, eta orain da unea guztiak aztertzeko, eta bideragarri direnak planean jasotzeko” azaldu du Etxeberriak.
Parte hartze datuak auzoz auzo:
- Erdialdea: 40 pertsona. // Urriak 7
- Uribarri erguin: 49 pertsona. // Urriak 8
- San Andres: 26 pertsona. // Urriak 17
- Musakola: 20 pertsona. // Urriak 21
- Santamarina: 9 pertsona. // Urriak 15
- Landa auzoak: 19 pertsona. // Urriak 10
- Zarugalde: 17 pertsona. // Azaroak 12
- Elma: 26 pertsona. // Azaroak 19
Horrez gain, 29 herritar eta eragile ezberdinez osatutako Hirigintza Aholku Kontseiluan ere landu da plana.
4.268 herritarren parte hartzea herri galdeketan
Autobus geltokiaren kokalekua erabakitzeko egindako herri galdeketa ere Mugikortasun Planaren parte hartzean egon izanak, “prozesua aberastu” duela adierazi du Gobernuak. “Gai estrategikoak direnean, herritarren mobilizazioa erabatekoa izan da, eta, kasu honetan, emaitza argia izan da Zaldusperen aldekoa”. Azaroan ospatutako herri galdeketan 4.268 arrasatearrek parte hartu zuten, eta horietako %74,2k autobus geltokia Zalduspen kokatzearen alde egin zuten.
25 pertsonek aurkeztu dituzte idatzizko alegazio formalak
Idatzizko alegazio formalak ere aurkeztu dituzte 25 herritarrek. “Idatzizko ekarpenak egiteko aukera ere eman zaie herritarrei, legeak horrela behartzen gaitu. Baina jakitun gara idatzizko ekarpenak egitea, zailtasun bat suposatu dezakeela herritarrentzat. Horregatik erabaki genuen auzoz auzoko parte hartze saioak egitea. Dena den, 25 alegazio izan dira, eta kopuru duina iruditzen zaigu” baieztatu du zinegotziak.
Ekarpenak aztertzeko unea
Herritarrek egindako ekarpen eta alegazioak aztertzeko fasea hasten da orain. Hauek aztertuko dituzte teknikariek, beraien bideragarritasuna aztertzeko, eta idatzizko alegazio formalei, banan banan erantzungo zaie idatziz.
Bestelako ekarpenei erantzuna emateko bi bilera deituko dira, bata Hirigintzako Aholku Kontseiluarena, 29 kidez osatutakoa, eta herritar guztientzako batzar ireki bat. Batzar irekiaren data aurrerago zehaztuko da, behin alegazio eta ekarpen guztiak aztertu ostean. Azken urratsa Hirigintza Batzordean plana diktaminatzea izango da, eta ondoren plenoan onartzea.
EAJk ez ditu ekarpenak egin
2025eko urtarrilaren 27ko Hirigintza Batzordean aurkeztu zitzaien alderdi guztietako batzordekideei herritarrek egindako ekarpen eta alegazioen inguruko informazio eta dokumentazio guztia.
Oposizioko alderdiek, herritar guztiek bezala, ekarpenak egiteko aukera izan dute urritik. “Pasa den abenduaren 19ko plenoan, ekarpenak egiteko epea amaituta bazegoen ere, EAJk ekarpenak egiteko epea luzatzea eskatu zuen. Eskaera horren aurrean, Udal Gobernuak, aukera eman zien EAJ eta PSEri ekarpen berriak egiteko otsailaren 10era arte (atzo arte). Tarte horretan, PSEk bere alegazioa aurkeztu duen bitartean, EAJk ez du inolako ekarpenik egin, nahiz eta epea ia bi hilabetez luzatu zaien” azaldu du Etxeberriak.