Arrasateko Udalak Iturripeko kiroldegi berrirako oinarriak onartuko ditu gaur: kirol kantxa, frontoi berria, gimnasioa, herri bazkariak egiteko leku bat eta taberna bat izango ditu.
2024/07/11Udal gobernuak gaur onartuko ditu Tokiko Gobernu Batzarrean Iturripeko kiroldegi berriaren proiektua idazteko agiriak. Agiri horiek kiroldegiaren proiektuak jaso beharreko edukiak definitzen dituzte. “Berrikuntza asko ditu proposamen berriak, eraikin huts bat izatetik funtzio soziala izango duen proiektua izatera pasatuko da, auzokideentzako zein kirolarientzako leku erreferente bat bilakatuko da, elkargune izateko asmoarekin” adierazi du Maider Morras Azpiazu alkateak.
Lehiaketara aterako den proiektuaren idazketak hiru interbentzio nagusi jaso beharko ditu: eraikin berri bat egitea, gaur egungoa birgaitu eta berriarekin parekatu, frontoi berriak egitea eta urbanizazio erabilgarri eta jasangarria egitea. Proiektua bere osotasunean NZEB (Kontsumo Ia Nuluko Eraikinak) irizpideekin egin beharko da. Hau da, errendimendu energetiko oso handia bermatuko duen eraikuntza konplexu bat izango da. Era berean, behar den ia energia txikia iturri berriztagarriek sortutako energien bidezkoa izango da.
Eraikin berria, gaur egungoa integratuz
Pabiloi berri bat egingo da gaur egungo kiroldegiaren ondoan, eta biak integratuko dira kiroldegi berri eta bakarra osatuz. Gaur egungo eraikinak 2.170 m2 ditu , eta proiektuaren helburua izango da pabiloi hori birgaitzea, kirol esparru osoan formalki eta funtzionalki integratuta geratzeko.
Pabiloi berriak 4.206 m2 inguru izango ditu, eta era ofizialean kirol ugariren luzetarako jokoa ahalbidetuko du (eskubaloia, areto futbola, areto hockeya, saskibaloia, minibasketa, badmintona, tenisa eta boleibola), baita zeharka hiru eremu sortzea ere, bakoitza 500 m2 ingurukoa, sabaitik automatizatutako bi errezelen bidez bereizita. “Modu honetan, espazioa ahalik eta gehien aprobetxatuko dugu, aukera egon dadin aldi berean kirol ugari egiteko” adierazi du Garazi Etxeberria San Miguelek, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasuneko zinegotziak. Aipatutakoez gain, gimnasio bi izango ditu, herritarrek eta kirol klubek erabiltzeko.
Osagarri gisa, erabilera anitzeko areto bi jarriko dira, barruko kirolak egiteko (arte martzialak, kontaktu kirolak, kirol aerobikoak, jarduera gidatuak eta abar) edo publiko espezifikoentzako ikastaroak antolatzeko. Proiektuak aurreikusten du ere kirol klubentzako bulegoak eta bilera gela bat. Jasota dago ere eraikinak berak taberna bat izatea.
Auzotarrentzat elkargune izateko plaza
Iturripeko kiroldegi berria kirolariei zerbitzua emateaz gain, gobernuaren asmoa da inguruko auzokideentzat elkargune bat izatea. “Uribe, Erguin, Arimazubi eta Munar auzoetako bizilagunen elkargune izatea nahi dugu espazio hori, kirolarien eta auzokideen ekintzei lotutako gunea. Horregatik sartu nahi izan dugu taberna bat gune horretan, kirol lehiaketak daudenean zerbitzua eskaintzeaz gain, egunerokoan ere bizilagunen elkargune izateko” adierazi du Maider Morras Azpiazu alkateak.
Kiroldegia izateaz gain, erabilera anitzeko eraikinak izango dira, besteak beste herri bazkariak, festak, ekitaldiak, kontzertuak, ospakizunak eta hautesleku izatea. “Gustatuko litzaiguke hauteskundeak ospatzen direnean Iturripe berrian kokatzea Erguin eta Uribeko hauteslekuak, sarrera irisgarria izateko eta antolaketa ordenatuago bat egiteko”. Kanpoko berrurbanizazioa irizpide ekologiko eta berdeekin egiteko proposamena jasotzen da.
Frontoien birkokatzea aztertzea
Halaber, proiektuaren oinarriek frontoien birkokatzea bilatzen du, hala nahi baitu udalak. “Modu honetan Aramaio ibaiaren erribera liberatzea lortuko genuke, gaur gaurkoz ibaiaren gainean baitaude eraikita frontoiak” adierazi du Etxeberriak. Frontoia birkokatzearekin batera, harmaila txiki bat egiteko aukera aztertuko da.
Proiektu inklusiboa eta genero berdintasunean oinarrituta
Kiroldegiaren proiektu berriak indarrean dauden arau teknikoak betetzen direla justifikatzeaz gain, edozein pertsonak aurreikusitako espazioen benetako erabilera berdintasuna lortzea nahi da, haien gaitasunak edozein direla ere, horregatik, proiektua bere osotasunean inklusiboa izatea nahi du udalak.
Beste helburuetako bat da erreferentziala izatea genero berdintasunean, emakumeek kirola egitean eta zerbitzu publikoetara sartzean duten arrakala hausteko. Horregatik, idazten den exekuzio proiektuak horren genero eraginaren ebaluazioa egingo du.
Urtebeteko epea proiektua erabat idatzita egoteko.
Gaur onartu eta lehiaketara irtengo duten agiriek urtebeteko epea beharko dute helburua lortu dezaten: kiroldegi berriaren proiektua idaztea. “Dena ondo bidean urte amaieran hasiko dira aurreproiektuaren erredakzioarekin, eta urtarril-otsail artean espero dugu lehen proposamena izatea, maketa batekin lagunduta. Maketa herritarren eskura jarriko dugu, guztiek proiektua ezagutzeko. Aurreproiektuaren ostean idatziko dute proiektu osoa eta, dagozkion epeak errespetatuz, kiroldegi berriaren eraikuntza lanak 2025eko urte amaieran edo 2026ko lehen hilabeteetan hasiko dira” Morrasen esanetan.