Guraso talde batek `Altxa burua Arrasate’ eta ‘Geurie erabili zeike’ ekimenak aurkeztu ditu, ikastetxeen eta Arrasateko Udalaren laguntzarekin

2024/06/14
Card image cap
Altxa Buruak, Arrasateko dendariek eta Arrasateko Udalak ‘Geurie erabili zeike’ kanpaina abiarazi dute.

Altxa burua ekimenaren bueltan dauden guraso taldeak, ikastetxeetako ordezkariek eta Arrasateko Udaleko ordezkaritza batek agerraldi jendetsua egin dute. Gaur, Monterron parkean, guztiak batu ditu smartphone-aren erabileraren kezkak, smartphone-aren gai horrekin lotutako kanpaina bi aurkezteko.

Altxa Burua ekimena Euskal Herriko hainbat txokotan martxan bada ere, printzipio biren bueltan jaio da:

  1. Gurasoen ardura da seme-alabek mugikorrarekin harreman onuragarria izatea.
  2. Mugikorrarekin harreman onuragarria izateko, beharrezkoa da komunitatea saretzea.

Eskuorriak eta ‘Geurie erabili zeike’ kanpainak

Altxa Buruak-ek, Arrasateko dendariek eta Arrasateko Udalak ‘Geurie erabili zeike’ kanpaina abiarazi dute. “Gipuzkoako Altxa Burua mugimenduan gertatzen ari diren zenbait ekintzen arrakasta ikusita, Arrasateko komertzioaren prestutasunari esker eta udalaren laguntzarekin, ‘Geurie erabili zeike’ izeneko ekimena martxan jartzea erabaki da momentu honetatik aurrera. Izan ere, gure haurrak herri guztiak zaintzen dituela eta telefono propiorik gabe bizi daitezkeela sentiaraziko dien testuingurua eskaini nahi diegu. Horrekin haurrek beste errekurtso pertsonal batzuk garatzea eta beharra izatekotan herriko edozeinen laguntza jaso dezaketela ikustaraztea nahi da” adierazi dute antolatzaileek.

“Bestalde, eskuorri informatibo bat osatu dugu, gurasoen kezkak jaso eta Arrasateko gazteen egoera zein den jasotzen duena. Kartela aurkitu ahal izango duzue Arrasateko eraikin publikoetan zein adierazpen libreko guneetan, eta han dagoen QRtik taldearen sitesera sartu zaitezkete”. Kartela Iban Galan artista arrasatearrak egin du.

Parte hartzeko kontaktua

Amaitzeko, herritarrei dei egin diete parte hartu dezaten, edo dei egin dezaten zalantzarik izanez gero: “Parte hartzeko interesa edo zalantzaren bat izanez gero, idatzi lasai gure korreo elektronikora”:
altxaburuarrasate@gmail.com