Erguingo 4 igogailu publikoak martxan
2021/07/08Arrasateko Udalak jada amaitu ditu lanak Erguin auzoko irisgarritasun proiektua gauzatzeko, eta dagoeneko martxan jarri ditu bertako lau igogailuak auzotarren zein arrasatearren zerbitzura. Lanak 2019ko abenduaren 2an hasi ziren, eta 18 hilabete inguru iraun dute.
Legealdi honetan, udalaren ildo estrategikoetako bat da herri irisgarria bultzatzea, horretarako, besteak beste, mugikortasun bertikalari jarraipena emango dioten proiektuak bultzatuz, auzoetako irisgarritasuna hobetzeko eta auzotarrei mugikortasun irisgarri eta erosoa eskaini zein bermatzeko. Maria Ubarretxena alkateak adierazi du "Igogailuek nabarmen hobetuko dute erguindarren zein arrasatear guztien bizi kalitatea".
Lau igogailu horien bitartez, Erguin auzoko kale guztiak modu erraz eta erosoan lotzen dira, Uribarri etorbidetik Anboto kaleraino.
- Lehen igogailuaren bitartez, Uribarri hiribidetik Uriburu kaleko bi mailetara iristen da (3 geldiune).
- Bigarren igogailuaren bitartez, Uriburu kaletik Erguin kaleraino iristen da, maila bat baino gehiagotan dauden eraikinetara irisgarritasuna bermatzeko (guztira, 4 geldiune).
- Hirugarren igogailuaren bitartez Erguin kaleko 20. zenbakitik Udalpe plazaraino iristen da, eta Elizalde kalean ere geratzen da, 3 geldiunerekin.
- Laugarren igogailua Udalpe kaleko 10. zenbakira igotzen da, Anboto kalearen atzetik, eta Anboto azpiko kalean ere geratzen da, 3 geldiunerekin.
Igogailu horien arteko ibilbidea lotzeko, urbanizazio lan handiak egin behar izan dira Uriburu kalean eta Udalpe plazan. Gainera, Udalpe plazatik Udalpe kaleko 1, 3 eta 5 atariak irisgarri egin dira.
Udalak hainbat egokitzapen egin dizkio jatorrizko proiektuari: Udalpe plazako euste hormak egokitu dira, transformadoreak eta elektrizitate kanalizazioak, baita bigarren igogailuaren hormak ere, lurraren ezaugarriak behatu eta segurtasuna bermatu ostean. Lehen igogailuaren akaberak aldatu egin dira itxura hobea emateko, eta bideozaintza sistema bat ere jarri da igogailuetan, herritarren segurtasuna areagotzeko.
Lanen aurrekontua, BEZa barne, 2.570.352,76 eurokoa da.