Elkartasunezko beroki gunea dago Udal Azokan, Emausen eskutik
2017/01/18Hotz bolada dela eta, Emaus Fundazioak Arrasateko Azoka Plazan berokiak banatzeko gune bat abian jarri du.
Europako hainbat lekutan garatutako ohitura da, hotzaldi zakarretan, beharra daukaten pertsonei bigarren eskuko berokiak doan hartzeko guneak jartzea. Emaus Fundazioak kudeatzen duen Arrasateko Ekocenterrak ekimen bera gurera ekarri nahian, Arrasateko Udalera jo du "Elkartasunezko Beroki Gunea" jartzeko lekua eskatuz; Udal Azoka Plazan jartzea proposatu zaio, eta horrela, urtarrilaren 17-23 bitartean bertan egongo da gune hori, behar duenak beroki bat hartzeko, baita gura duenak soberan dituen berokiak bertan uzteko ere. Gunea goizetan egongo da zabalik, Azoka Plazako ordutegian (8:30etatik 14:00etara).