Aurten ere San Juanetako ekitaldiak Udaletxeko balkoitik ikusteko aukera zabalduko du Udalak

2018/06/01
Card image cap
Pertsona interesdunek udal webgunean edo BAZen eman ahal izango dute izena ekainaren 1etik 10era arte eta urtero bezala, zozketa bidez erabakiko dira ekitaldiak ikusteko pertsona hautatuak

San Juan festak gero eta gertuago ditugu eta Arrasate hasia da dagoeneko antolakuntza lanetan. Ildo horretan, aurten ere San Juanetako ekitaldiak udaletxeko balkoitik ikusteko aukera eskainiko die Udalak herritarrei.

Honekin hirugarren urtea izango da arrasatearrek festen ekintza esanguratsu zein kuttunenak udaletxeko balkoitik ikusteko aukera izango dutena. Urtetik urtera gero eta arrakasta handiagoa du ekimen honek: 2016an 36 lagunek eman zuten izena eta iaz, aldiz, 89k.

Aurtengoan haurren danborrada, errementari dantza eta nagusien danborrada izango dira, hain zuzen, balkoitik ikusi ahal izango diren hiru ekintzak. Horretarako, noski, ohikoa den bezala, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea udal webgunean edo BAZen, ekainaren 1etik 10era arte. Parte hartzeko 16 urtetik gora izatea eta Arrasaten erroldatuta egotea dira oinarrizko bi baldintzak. 16 urtetik beherako haurren kasuan, nagusi batez lagunduta joan behar dutenez, adin nagusiko herritarrak eman beharko du izena.

Ekintza bakoitzeko 15 leku bikoitz jasoko ditu Udalak, hau da, guztira 30 lagunek igo ahal izango dute balkoira. Horretarako, izena emateko orduan, herritarrek interes ordenaren arabera zehaztu beharko ditu balkoitik ikusi nahi dituen ekintzak. Ondoren, ekainaren 13an, izena ematen duten guztien artean zozketa egingo da leku horiek betetzeko.