Arrasateko Udalaren Enplegu Planak lan munduratzea sustatu du, eta langabeen kontrataziorako baliabideak % 77 areagotu ditu

2020/10/08
Card image cap
665.328,37 euroko aurrekontua du planak, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzazioa du. Udalak Lanbideri 402.730 euroko dirulaguntza eskatu dio.

Arrasateko Udalak 2020ko Enplegu Plana aurkeztu du, martxan jarria eta egokitua Covid-19aren eraginari. 665.328,37 euroko aurrekontua du eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzazioa du. Udalak Lanbideri 402.730 euroko dirulaguntza eskatu dio. “Horren bidez, jarduera eraginkorrak garatu nahi ditugu, lan munduratzea bultzatu, lehiakortasuna garatu eta lan munduan kalitateko enplegua eta soldata baldintza onak sustatu", nabarmendu du Maria Ubarretxena alkateak. “Ale txikia bezain garrantzitsua, zeina ‘Txikiak egiten gaitu Haundi’ kanpainaren osagarria baita, helburu bakar batekin: herritarren ongizatea bermatzea, lan aukera duinak eskainiz, eta enpresa ehuna babestea, gure herriaren aberastasun iturri nagusia”.

"Udal gobernuak lehentasun bakarra du, pertsonak", adierazi du enplegu planaren aurkezpenean, eta gogorarazi du udalak, eskumenik izan ez arren, aurrerapauso bat ematen duela eta irtenbide bat proposatzen duela herritarrentzako arazo handienarentzat (Eustat-en arabera, langabezia), baita Arrasaten ere: 3,71 puntu egin du gora langabeziak pandemiaren ondorioz, iazko irailetik hona 376 langabe gehiago daude,  guztira 1.442 pertsona, % 14,08. "Egoera konplexua da, are gehiago Covid-19aren eboluzioaren inguruan dugun ezjakintasuna kontuan hartzen badugu, eta administrazio publikoen aldetik gure indar guztia jarri behar dugu egoera honen aurrean herritarrak babesteko".

8 lerroz dago osatua plana: udalak herriko langabeak kontratatzea interes publikoa duten proiektuak garatzeko (417.828,37 euro); diru laguntzak (87.500 €) Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko; Titulatu berrien laneratzerako ekimenak (7.000 €); Enpresa berrien sorkuntzarako dirulaguntzak (35.000 €); Langabeentzako ikasteko dirulaguntzak (30.000 €); Ekonomia suspertzeko ekitaldiak, enplegu azoka (15.000 €); Ekintzailetzaren sustapena (23.000 €); eta lanerako prestakuntza (50.000 €).

Dirulaguntzen deialdiak jada zabalik daude, eta 2020ko abenduaren 31ra arte eskatu daitezke udalean bertan, BAZen, edo www.arrasate.eus webgunean.

Egoera zaurgarrian dauden 30 herritar kontratatuko ditu udalak

Udalak enplegu sustapeneko kontratazioak egiten ditu interes publikoko proiektuak bideratzeko eta herriko langabeak laneratzeko, Lanbideren laguntzarekin.  Aurten, Covid-19aren krisia dela medio, esfortzua bikoiztu du udalak. Kontratu kopurua handitu da:  2020an 30 kontratu egitea aurreikusten da (2019an 17 kontratu egin ziren), % 76,5 gehiago. Pertsona multzo zaurgarrienen alde egiteko, hobetsi da kualifikazio maila apaleko langabeentzako postuak eskaintzea:  peoiak, herritarren laguntzaileak…

Covid-19aren pandemiak sortutako behar berezietarako proiektu bat jarri da abian: garbitzaileak, ikastetxeen eta eraikin publikoen garbiketa behar bereziei erantzuteko, COVID-19k sortutakoa. Pandemiagatik langabezian geratu diren pertsonak kolektibo berezi moduan hartuko dira kontuan, Lanbideren bitartez.

Lanbideren bi programaz baliatuko gara enplegu sustapeneko 30 kontratuak finantzatzeko:

  • 1) 2020ko Enplegu Sustapeneko Toki Ekintzen deialdia

Programa honen bidez 28 kontratu egingo dira

  1. Herritarren laguntzaileen lantaldea:  berria da, 8 lagunez osatuta; Udaltzaingoaren ardurapean egingo dute lan.
  2. Eraikinetako garbitzaileen lantaldea:  berria da, 5 lagunez osatuta; eraikinen garbiketa langileekin batera arituko dira, udal eraikinen garbiketa bereziak egiteko, COVID 19aren pandemiak sortutako behar berriei erantzuteko.   
  3. Lorezaintzako peoien lantaldea:  iaz bat kontratatu zen; aurten 4ko taldea osatu nahi da; lorategi publikoen mantentze lanetako langileekin batera arituko dira.
  4. Basoetako eta erreketako mantentze lanen lantaldea:  ohiko lantaldea 4 lagunez osatu da; aurten, 7 laguneko taldea (6 peoi eta taldeburu 1). 
  5. Pintoreen lantaldea:  iaz 2 kontratatu ziren; aurten 4ko taldea osatu nahi da.

Programa honetan parte hartzeko, ezinbestekoa da langabezian egotea, Lanbiden izena emanda. % 40 gutxienez emakumezkoak izatea (11); % 15 gutxienez >55 urtekoa izatea (4); % 30 gutxienez DBE (RGI) onuraduna izatea (8). Gainerakoak (7) kolektibo hauetako batean kokatu beharko dira: <35 urtekoak, >45 urtekoak, luzaroko langabeak, eta COVID 19a dela-eta alarma egoeraren ondorioz lana galdu dutenak.

Lanbideren plataformaren bitartez eman beharko da izena kasu guztietan. Udalaren webgunean ere iragarriko dira deialdiak. Hautaketa probak egingo zaizkie inskribatutakoei.  Inskripzio egunak oraindik ez daude finkatuta, baina hurrengo asteetan hastea aurreikusten da.  Kontratu guztiak 2020ko abenduaren 31 baino lehen hasiko dira eta 6 hilabetetako iraupena izango dute, lanaldi osoan.  

  • 2)  2020ko Gazteen  Enplegua Sustatzeko deialdia

Programa honen bitartez 2 kontratu egingo dira: Turismo teknikaria eta Euskaltegiko Moodle plataformako kudeatzailea. 

Ezinbestekoa da 16 eta 30 urte bitarteko adina edukitzea, langabezian egotea, Lanbiden izena emanda egotea, eta Gazte Bermeko Sisteman izena emanda egotea. Aurki iragarriko dira deialdiak www.arrasate.eus webgunean; 2020ko azaroaren 28a baino lehen hasi behar dira.

Lankidetza estua erakundeen eta eragileen artean, langabeziari aurre egin eta enplegagarritasuna hotzeko

Hainbat erakunderekin kolaborazioak sustatu dira, enpleguan eta garapen ekonomikoan eragiteko; aipagarrienak hauek: Garaia PT, ekintzailetza bultzatzeko, eta enpresen artean harremanak ehuntzeko; Saiolan, ekintzailetza eta enpresa proiektu berriak sustatzen kolaboratzeko; D2030,  eskualdeko garapeneko estrategiak aztertzeko; Alecop,  langabeak laneratzen laguntzeko proiektuak; Mondragon Unibertsitatea, tituludun ekintzailetza sustatzeko; Emaus Fundazioa, bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako lanerako prestakuntza eskaintza bideratzeko; Gureak Taldea,  Pauso Berriak programarekin kolaborazioa, desgaitasun intelektuala daukaten pertsonen gizarteratzea, lan eremu arruntetan lana eginez; Caritas, Arbigara egitasmoa, lehen sektorean lanpostuak sortzeko helburua; eta Lanbide Heziketa Zentroak, langabeentzako lanerako prestakuntza eskaintza merkatuko beharretara egokitzeko.