525 herritarrek hartu dute parte TAO sistema osatzeko bileretan eta dagoeneko 360 ekarpen baino gehiago jaso ditu Udalak

2020/01/23
Card image cap
Udalak TAO sistemaren hasierako proposamena landu zuen eta berau herritarrekin partekatu eta beren ekarpenekin aberastuko da. 3 etapetan banatu da parte-hartze prozesua: jada jaso da herritarren iritzia bilera ezberdinetan. Guztira 7 bilera ireki gauzatu dira, ezarritako buzoietan eta online ekarpenak jasotzeaz gain. Azken aukera hau zabalik egongo da urtarrila osoan zehar

Arrasateko Udalak TAO sistema herritarrekin adostu eta era partekatuan lantzeko parte-hartze prozesua jarri zuen abian urte hasieran, eta jada jaso dira herritarren ekarpen ezberdinak. Prozesua Aztiker aholkularitza enpresarekin elkarlanean ari da garatzen Udala, antzerako prozesuetan duten esperientziaz baliatuz.

Hain zuzen, parte-hartze prozesuaren hiru zatietatik lehena da garatu dena: guztira 7 bilera ireki gauzatu dira, ezarritako buzoietan eta online ekarpenak jasotzeaz gain. Azken aukera hau zabalik egongo da urtarrila osoan zehar.

Egindako 7 bileretan 525 herritar inguruk hartu dute parte. Horrez gain, www.arrasate.eus web orrialdearen bitartez 160 ekarpen jaso dira eta paperean 200dik gora. Udalak oso era positiboan baloratzen du herritarren parte hartzea eta ekarpenak egiten jarraitu dezaten gonbidatzen ditu arrasatearrak.

Kolektibo bereziekin ere batu da Aztiker eskaera ezberdinei erantzunaz, hala nola, Merkatari eta Ostalariekin, Goiena Komunikabideak, GELMA etxeak, Aldaia etxeetako bizilagunak, Uribe eta Arimazubi gaineko etxeetako bizilagunak, San Adreseko eskolako zuzendaritza edota Ferixalekuko postuak.

Herritarren ekarpenak

Ekarpen edota proposamen gehienak honako gaien ingurukoak izan dira: Egoilar txartela, Gune Urbanoaren hedadura, doako tartea, garajeen erabilera, periferiako kale eta auzoen egoera, express guneen denbora tartea, familia zaintza, herri sarreran parking-a, egoilar langile txartela, garraio publikoa, bidegorri sarea edota abiadura mugak.

Gainera, hainbat guneetako herritarrek TAO eremua zabaltzea eskatu dute euren auzoetara, besteak beste Aldai guneko bizilagunak, Gelma guneko bizilagunak, Erguieneko zenbait kale edo ospitale ingurura.

Herritarren galdera asko Lubide eta Biteri parkingei buruz izan da, hauen doakotasuna edo prezioen merkatzea. Honen gainean bileretan adierazi da 2003 urteko martxoan Osoko Bilkurak adostu zuela 50 urterako esleipen bat egitea 2 parkingen kudeaketa enpresa pribatu batek egin zezan eta akordio horrek indarrean dirau ez direlako oraindik 50 urte pasa. Horrek eragozten du parkingaren prezioak aldatzea – 2003ko esleipen hartan finkatu baitziren – zein parkinga berriz publiko egitea. Honen gaineko gestioak egin ditu Udalak. Tamalez  parkinga berreskuratzeko 9 milioi euroko konpentsazioa ordaindu beharko luke kontratua amaitzeagatik kalte-ordainetan eta ez da bideragarria. 

Orain herritarren lan-taldea eratu eta TAO sistema adostu

Hilabete honetan ausaz aukeraturiko 200 herritarrek eskutitz bat jaso dute TAO sistema landuko duen taldera batzeko proposatuz eta taldea eratu da jada. Taldea eratzeko orduan herritarren aldetik jasotzen ari den erantzun positiboa aipatzekoa da.

Orain, urtarrila amaiera bitarte jaso daitezkeen ekarpen guztiekin txosten bat prestatuko da eta ondoren ausazko herritar taldearen lana izango da ekarpen guzti horiek aztertu eta TAO proposamena osatu eta moldatzea. 

4 TAO eremu 3 erabiltzaile-talderentzako

Egun 13.196 ibilgailu daude Arrasaten, 1,5 etxebizitza bakoitzeko. Azken bost hamarkadetan ibilgailu pribatuaren hazkundea nabarmena izan da. 2007an 2,98 desplazamendu burutzen zituen arrasatear bakoitzak eguneko; egun 3,4. Ibilgailu pribatuaren erabilera orain %46koa da, 2007ko %38,6-aren aldean. Arrasaten CO2 isurketa gehien garraioak sortzen du: %31,3 zehazki, industriaren %30,9-aren aldean. Datu hauek eskuan Arrasateko Udalean mugikortasun eredua jasangarriago bilakatu nahi da eta hirigunea oinezkoentzako izatea, autoen fluxua gutxituz. Arrasate jasangarriagoa eta erakargarriago baten alde.

Bizilagunen urtetako eskaria da autoen presentzia gutxitzearena: “Arrasatera egunero jende asko iristen da lanera, industria guneetara zein erdigunera. Ibilgailu asko mugitzen da eta fluxu handia sortzen dute aparkaleku bila. Erdigunea herritarrentzako izatea da helburua, herritarren arteko harremanak gauzatzeko gunea, eta aldi berean, erdigunera bertaratzeko ohiturak eraldatzea, bidegorriaren, garraio publikoa edota igogailuen erabilera areagotuz”.

Udalak, hori oinarri, TAO sistema herrian ezartzeko proposamena landu du. Honek, hasierako diseinuan, 5.387 ibilgailuri eragingo die, 832 garajeri eta 2.238 aparkalekuri. 4 TAO mota aurreikusi dira: express, arrunta, aldi luzekoa eta egoilarrak, eta aparkalekuaren luzapena hiru modalitatetan banatu da: egoilarra, Arrasaten erroldatua eta gainerakoak.

Informazio guztia  www.arrasate.eus web gunean aurkitu daiteke eta edozein zalantza argitzeko Udaleko bulegoetara bertara daiteke, 943 25 20 00 telefonora deitu edota udala@arrasate.eus helbidera mezu bat idatzi.