Nekane Bernal Julianen kartela izango da Arrasateko Martxoaren 8ko egitarauaren irudi
2023/02/23Nekane Bernal Julianek aurkeztutako lana izan da XXVI. Kartel Lehiaketako irabazlea. ‘Elkartu, saretu eta eraldatu’ lelopean, guztira 14 lan aurkeztu dira lehiaketara. Lelo eta gai hori lantzeko, 2023ko kartel lehiaketan, hainbat teknika, estilo eta ikuspegi eskaintzen dituzten proposamenak jaso ditu Emakume Txokoak.
Nekane Bernal Julianen lana izango da aurtengo Martxoak 8ko kartelaren eta esku orriaren irudia. Eskuorriak jasoko ditu Emakume Txokoak antolatutako ekimenez gain, herriko mugimendu feministak deitutako ekitaldiak ere, elkarlanean osatutako programan.
Nekane Bernal Julianek sorpresaz eta pozez hartu du erabakia. Haren esanetan, “artea ogibide ez badut ere, betidanik egon naiz lotuta sormenaren lanketari: musika eta artea txikitatik oso presente daude nire bizitzan”.
Azaldu duenez, “teknikoki trazoz-trazoz marraztutako irudiak jende multzoa elkar hartuta irudikatzen du; hasiera batetik, eskuak elkar hartuta edo jendea elkarri helduta irudikatu nituen aurtengo leloa irakurtzean. Pertsonen arteko besarkada eta sarea lotu nahi izan ditut etxeetatik ateratzen den argiak eskaintzen duen babesarekin”.
Udalatxeko keinuarekin azpimarratu ditu babesaren ideia, partekatzen den bidearena eta bide hori elkarrekin egitearen garrantzia. Kartelaren irabazleak esan du karteleko pertsonak elkar hartuta leloari begira egoteak “denon borrokaren beharra” ere adierazi gura duela.
Nekane Bernal Julianek azpimarratu gura izan du emakumeak horrelako lehiaketetan parte hartzearen garrantzia; “askotan nik neuk ere beldurra edo zalantzak izan ditut horrelakoetan parte hartzeko, baina emakumeak animatu gura ditut aurreiritziei eta beldurrei aurre egiteko eta sormenaren bideari ekiteko. Emakumeok kemen handia dugu feminismoak ematen digun indarrez, emakumeak elkar hartu, parte hartu eta aurrera egiteko”.
Kartel irabazlea aukeratzeko, Arrasateko Mugimendu feministako hainbat kidek parte hartu dute. Epaimahaiaren bilkuran sortutako elkarrizketetan, azpimarratu dira kartelaren kalitatea, aurtengo leloaren mezua zabaltzeko egokitasuna eta herrian kokatzeko egiten dituen keinuak.
Emakume Txokotik eskerrak eman diete lehiaketan parte hartu duten guztiei eta aukeraketan lagundu duten lagun guztiei ere bai.
Aukera egongo da XXVI. kartel lehiaketara aurkeztutako lanak ikusteko, martxoaren 6tik 17ra, Emakume Txokoan egingo den MARTXOAK 8KO KARTELEN ERAKUSKETAN. Ordutegia izango da, astelehenetik eguenera 15:00etatik 18:00etara eta egubakoitzetan 10:00etatik 14:00etara.