30 ekintza baino gehiago Arrasaten Gabonez gozatzeko

2023/12/01
Card image cap
Haur, nerabe eta gazteengan arreta berezia jarriz, egitarauak adin guztiei zuzenduriko ekintzak biltzen ditu: antzerkiak, jolasak, ikus-entzunezkoak, bertsoak, kalejirak, kirol krosa edota urteroko ekintza egonkorrak: Gabonetako argien piztea, artisauen azoka, belenen erakustaldia, haur jolasak, Txikilandia…

Gabonak ate joka ditugu eta horren harira, ekintza egitarau anitz bezain zabala antolatu du Arrasateko Udalak, arrasatearrak zein eskualdeko gainerako bizilagunak Gabon giroan murgiltzeko eta eguberriez gozatzeko.

2023ko Gabonetako egitarauak 30 ekintza baino gehiago biltzen ditu, adin guztiei zuzenduta, baina azpimarra eta arreta berezia jarrita haur, gazte zein nerabeengan. «Gabonak festa egun bereziak dira guztiontzat, baina bereziki maiteak dira haur, gazte eta nerabeentzat, eta, horregatik, aukera berriak sortu nahi izan ditugu haientzat aisialdiaz gozatu dezaten», azaldu du Maider Morrasek, Arrasateko alkateak.

Horri jarraikiz, alkateak adierazi du aisialdi eredu parte hartzailea bultzatu nahi izan dutela «ikusle bilakatuko garen ikuskizun eta eskaintza kulturala eskainiz, baina bultzaten da ere aukera eskainiko dutenak ikasteko eta parte hartzeko».

Hori horrela, aurtengo egitarauak jasotzen ditu antzerkiak, jolasak, ikus-entzunekoak, bertsoak, kalejirak, kirol krosa edo urteroko ekintza egonkorrak: Gabonetako argien piztea, artisauen azoka, belenen erakustaldia, haur jolasak, Txikilandia…

Gabonetako argien harira, alkateak adierazi du abenduaren 5ean piztuko direla eta, auzo guztiei keinu berezia eginez, ziurtatu du aurten argiak auzo guztietara helduko direla.

Lankidetza eta euskara ardatz

Egitaraua osatzeko, noski, ezinbestekoa izan da herriko eragileen parte hartze eta inplikazioa, hala nola Txatxilupurdinera, Ibaiarterena eta Santamas komisioarena. «Udaletik eskerrik beroenak guztiei egindako lanagatik» esan du alkateak.

Amaitzeko, alkteak azpimarratu du euskarak egitarauan zer-nolako garrantzia duen: «euskara erdigunean jarri nahi izan dugu, eta hizkuntza sustatze aldera, eskainiko diren antzerkiak euskarazkoak izango dira, eta Biteriko jolasak hezitzaile euskaldunekin egingo dira. Horrez gain, noski, ikuskizun eta jolas guztiek inklusioa eta berdintasuna sustatzea ere izango dute helburu», amaitu du.

Gabonetan ere tokiko merkataritza sustatzea

Arrasaten horrenbeste jarduera antolatzearen helburuetako bat da herriko komertzio txikiei bultzada ematea eta ohitura indartzea herritarrek herrian bertan erosi dezaten. Izan ere, Gabon garaian nabarmen areagotzen dira erosketak, eta, horrenbestez, egun garrantzitsuak izan ohi dira herriko merkatarientzat.

Horren jakitun izanik eta tokiko merkataritza sustatzeko konpromisoari helduta, garai honetan ere, Arrasateko Udalak aintzat hartu nahi izan du Arrasateko komertzioa, eta hainbat ekintza eta ekimen abiatu ditu, herriko merkataritza bultzatzeko.

Horien artean kokatzen da, esaterako, urteroko eskaparate lehiaketa. Izen ematea gaur bertan zabaldu da, abenduaren 10a bitarte, eta udalak dei egiten dieherriko saltokiei parte hartu dezaten.

Era berean, bertako komertzioaren aldeko spot bat ere argitaratuko da datozen asteotan. «Gaur gaurkoz produkzio lanetan daude, beraz, baliteke egun hauetan kale eta komertzioetan gabaketa lanak ikustea», adierazi du Jaime Bengoak, Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak.

Eta horrez gain, ezin ahaztu Arrasateko Udalak Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bono-denda kanpainara bideratutako 30.000 € gehigarriak. Udaletik gogorarazi dute bono horiek abenduaren 5a arte erabili daitezkeela eta gutxi geratzen diren arren, oraindik badirela bonoak dituzten dendak. «Uste dugu bonoen kanpaina baliagarria izan daitekeela Gabonetan herrian bertan erosteko apustua indartzeko», gehitu du Bengoak.

«Gabonetakoa kanpaina berezia eta garrantzitsua da herriko komertzioarentzat, urte osoan bizirauteko. Horregatik, herritarrak Arrasaten eta komertzio txikian erostera gonbidatu eta animatu nahi ditugu», amaitu du.

Gabonetako egitarau osoa hemen:

 

Abenduaren 2an / 17:00 / Amaia antzokian

Anbotoko Mari, haur antzerkia

Abenduaren 3an | Jose Maria Arizmendiarrieta plazan

“Joyas sobre ruedas” kontzentrazio solidarioa

Abenduaren 6-7- 8-9an eta 16-17an | 11:30-14:00 / 16:30-20:00 | Biteri plazan

Neska-mutikoentzako jolasak

Abenduaren 6an | 12:30 | Herriko plazan

San Nikolas eguneko bolo-boloa

Abenduaren 9an | 18:00 | Kulturaten

Akordeoi kontzertua – 2022ko lehiaketako garaileen kontzertua

Abenduaren 10ean | 20:00 | Amaia antzokian

Akordeoi Lehiaketako itxiera ekitaldia eta Gipuzkoa Lehiaketako sari banaketa 

Abenduaren 15ean | 19:00 | Herriko plazan / Biteri plazan

A&B Show – Astronomia kalejira

Abenduaren 16-17an, 23-24an | Seber Altube plazan

Arrasateko artisauak

Abenduaren 16an

11:00-12:00

Pandero tailerra herritar guztientzat zabalik - Kulurolan izena eman: arrasatetrikitixaeskola@gmail.com

11:30-13:30 | Biteri plazan

Jostailu truke merkatua

18:00 | Amaia antzokian

UDALATX, URA ETA ATXA dokumentala

Abenduaren 17an

13:00 | Uarkape

Arrasate musikal orkesta sinfonikoa kontzertua

11:00 (Haurrak) | 12:30 (kuadrilak) | Garibai etorbidea

Santamas Krosa

Abenduaren 20an | 18:30 | Musika Etxean

Arrasate Musikaleko Gabonetako ikasleen kontzertua

Abenduaren 21ean

16:30 |

Erraldoiak eta kilikiak

19:30 | Amaia antzokian

Santamas: Bertso saioa

Abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra | 11:00-14:00 / 18:00-20:00 | San Frantzisko elizan

Jaiotza erakustaldia

Abenduaren 22an (Santamas Eguna) | 17:30 | Uarkapen

Pelota partidua

Abenduaren 23an

11:30-13:30 | Biteri plazan

Zuresku - Egurrezko jolasa

19:30 | Amaia antzokian

Tu-Tum Platz– Jon Plazaolaren bakarrizketa

Abenduaren 24an

Olentzero

19:00 | 

Kalean Goikobalu abesbatzaren Gabonetako kantaldia

Abenduaren 27an

17:00 | Seber Altube plazan

Puzzle kaxa 3D tailerra

19:00 | Herriko plazan

Joyful Gospel Choir taldearen kontzertua

Abenduaren 28an | 19:00 | Herriko plazan

DJ Xaibor diskofesta

Abenduaren 29an | 19:00 | Maiatzaren lehena plaza

Rockalean kalejira

Abenduaren 30ean

19:00 | Kulturolan

Akelarre Foc kale ikuskizuna - Lekittoko Deabruak

Egun osoan | Mojategin

Txelis torneoa  

Abenduaren 31n

13:00 | Amaia antzokia

Arrasate Musikaleko Bandaren Gabon zaharreko kontzertua GOIKOBALU abesbatzarekin batera

18:30 |

Txorbelak otxotearen emanaldia kalean

Urtarrilaren 2-3-4an | 10:30-13:30 / 17:00-20:00 | Uarkapen

Txikilandia

Urtarrilaren 3an | 18:00 | Portaloian

DJ Erik diskofesta

Urtarrilaren 4an | 18:30 | Uarkapen

Potx eta Lotx  pailazoak (irekia denontzako)