Santa Marinako bizilagunen % 90ek lehentasunezkotzat jotzen du auzoa berrurbanizatzea, eta uste dute igogailuek auzoko irisgarritasuna hobetuko dutela

2022/12/12
Card image cap
Ia erabateko adostasuna dago auzoaren hobekuntzari ekiteko eta horretarako 2005ean gelditutako hiri berrikuntzako proiektua eguneratzeko.

Arrasateko Udalak Santa Marina auzoan egin asmo duen hiri berrikuntzako prozesua dela eta, partaidetzako azterlan bat egin da, inguru horretan bizi diren pertsonek zer iritzi duten eta zer eskaera duten jakiteko.

Victoriano Fuentes Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak zehaztu duenez, “helburua izan da ahalik eta laginik zabalena biltzea auzoaren beharrei buruz, partaidetzako dinamika honen bidez, ekarpenak proiektuan txertatzeko. Auzotarren iritzia ezinbestekoa zaigu auzoaren eta bertako azpiegituren hobekuntzan aurrera egiteko”.

Arrasatek eremu bitan egingo dio aurre Santa Teresa auzoaren hiri berroneratze integralari, 11.198.341 euroko inbertsioarekin: udalak aurkeztutako proiektuak barne hartzen ditu, alde batetik, eraikinen eta etxebizitzen birgaitze integrala, irisgarritasunari, bizigarritasunari eta energia eraginkortasunari dagokienez, eraikinen inguratzaileak hobetuz eta berokuntza sistemak modernizatuz eta instalatuz, eta, bestetik, igogailu publikoak, auzoaren irisgarritasuna hobetzeko (dagoeneko gauzatzen ari da) eta urbanizazio proiektua gauzatzeko. Hiri ingurunean egiten den esku hartze horren helburua da oinezkoen erabilera, irisgarritasuna eta hiri espazioen berroneratzea sustatzea, bizikidetza sustatzeko.

Azterlanaren lehen fasea izan da telefonoz elkarrizketak egitea Santa Teresako eta San Estebaneko bizilagunei. Elkarrizketak 300 telefonoko base batetik abiatuta egin ziren. Parte hartzaileen artean profil nagusia emakumea da (% 61), 65 urtetik gorakoa (% 56) eta auzoan bizi dira 10 urte baino gehiagoko antzinatasunarekin (% 61,26).

Elkarrizketaren galdetegian sartutako galderen emaitzarik esanguratsuenak:

  • Inkestatuen % 90,1ek uste du auzoak urbanizazio hobekuntzak behar dituela. Ehuneko berak erantzun du ondo iruditzen zaiola udalak 2005ean geldiarazitako proiektuari berriro ekitea eta eguneratzea.
  • %90,1ek uste du igogailuek auzoko irisgarritasuna hobetuko dutela. Ekarpenetan, inkestatutako 9 lagunek (% 12,6) atal hori hobetzeko eskatu zuten, arrapala eta eskailera mekanikoekin.
  • Lehentasuna emateko orduan, gai bi nabarmentzen dira gainerakoen gainetik: hiri altzarien segurtasuna, eta bidezkotasuna eta berrikuntza; % 70ek baino gehiagok uste du alderdi bi horiek oso garrantzitsuak direla auzoa hobetzeko.
  • Inkestatuen % 59k oso garrantzitsutzat jo du hondakinen garbiketaren gaia, eta % 25ek ekipamendu berriak, baina aitortu du zaila dela leku faltagatik.
  • Galdetegiko galderei erantzuteaz gain, parte hartzaileek 214 ekarpen egin zituzten.
  • Era berean, oso balorazio positiboa egin da igogailuak jartzeak mugikortasunerako ekarriko duen hobekuntzari buruz (% 90). % 2,8k eskailera mekanikoak eskatzen ditu eta % 7k arrapalak, alderdi hori indartzeko.

Hiri hobekuntzen esparruan, eskaera nagusiak dira oinezkoekin lotutako ekipamenduei dagozkien gai guztien ingurukoak: zintarriak, espaloien hobekuntza, barandak eta bankuak. Horiek dira eskaera gehien eragiten dituzten gaiak. Halaber, kezka handia dago bideak garbitzeari, berdeguneak mantentzeari eta parasitoekin eta karraskariekin sortutako arazoei dagokienez.

Inkestan agertzen ez ziren gai bi dira: aparkalekuaren arazoa eta etxebizitzen atzealdean filtrazioekin eta hormaren mantentzearekin sortutako arazoak.

Azterlanaren lehen fasea osatzeko, elkarrizketa sakonak egingo zaizkie auzoko gizarte eragileei, eta, horretarako, hauekin jarriko dira harremanetan: auzo batzarra, auzo elkartea, erretiratuen elkartea, merkatariak eta ostalariak eta abar.

Aurreikusita dago azterketa 2023aren hasierarako amaituta izatea, eta herritarren eskaerak txertatzea proiektu fasean dauden etorkizuneko jarduketetan.