Hasi dira lanak Markuleten Pumptrack pista eraikitzeko

2023/03/29
Card image cap
Herritarrek lehentasuna eman zioten pumptrack parkearen proiektuari 2021-2022ko partaidetzazko aurrekontuetan: bozketan 849 arrasatearrek hartu zuten parte, 6.373 punturekin. Pumptrack-aren proiektuak 1.311 puntu jaso zituen.

Hasi dira lanak Markuleten Pumptrack pista eraikitzeko. Poolsport Soluciones SL enpresak egingo ditu, eta inbertsioa 125.000 eurokoa izango da, BEZa barne. Gutxi gorabehera 5 asteko iraupena izango dute, eta, gero, argiteria jarriko da.

Herritarrek lehentasuna eman zioten Pumptrack parkearen proiektuari 2021-2022 partaidetzazko aurrekontuen prozesuan. 849 arrasatearrek hartu zuten parte, eta 6.373 puntu eman zituzten guztira. Pumptracken proiektuak 1.311 boto jaso zituen.

Udalak 3.900 metro koadroko espazioa erabiliko du Markuleten proiektua gauzatzeko. Udal teknikariek espazio hau jo dute egokienentzat zirkuitoa eraikitzeko. Izan ere, posible izango da pumptracka egitea zirkuituko jauzietan eta peralteetan lortzen den inertziarekin bakarrik. Eta hain zuzen hori da kirol jarduera horren arau nagusia, inertziaz baliatzea mugimenduan ibiltzeko. Monopatinen eta patinen kasuan, debekatuta dago oinekin bultzatzea eta bizikleten kasuan, baita pedalei eragitea ere. Horregatik, funtsezkoak dira bihurgune peraltatuak, jauziak eta badenak, horiek sortuko baitute txirrindularia edo patinatzailea mugiarazteko inertzia, eta horiek indar edo bulkada horrez baliatzen jakin beharko dute, pista ahalik eta lasterren zeharkatu ahal izateko.

Pumptrack pistak elkarren artean lotzen diren bi zirkuitu izango ditu. Horietako bat errazagoa izango da, eta 86,10 metroko luzera izango du; bigarrena, aldiz, 63,70 metrokoa, bereziagoa eta zailagoa izango da. Ibilbide osoak 149,77 metroko luzera izango du; 9 bihurgune eta 23 oztopo izango ditu, dubbi, doble, step up eta step-downez osatuak. Zirkuitua irekia izango da erdialdean eta 75 eta 90 gradu arteko kurba sekuentziek osatuko dute. Horrez gain, ibilbideak jauzi ugari izango du maila handiko erabiltzaileentzat. Sarrera librea izango da bizikletaz, patinetez eta monopatinaz ibiltzeko.

Udal ordezkariek adierazi bezala, pista honek “joko handia emango du, erabiltzaileei aukera emango die bilakaera handia izateko, eta etekin handia aterako ahal izango zaio. Ibilgailu gurpildunez ibiltzeko, pistak asfalto egokia izango du, elkargune eta erreferentzia gune bihurtuko dena. Oso garrantzitsua da gazteei guneak eskaintzea herrian bertan aisialdiaz modu seguruan gozatzeko”.