Udalak kirol aktibazio eta bazkidetza kanpaina berri bati ekin dio "Orain zu" lelopean
2025/02/20
Arrasateko Udalak kanpaina berria jarri du martxan herritarrak kirola egitera batu eta kiroldegian abonatu daitezen. Horretarako, etxez etxe banatuko dituzte eskuorriak, kirol eskaintza eta abonuen berri emateko. Hemen eskuorria.
“Aktibatzen dugun kanpaina honen helburua herritarrak bizi aktibo batera batzea da, horregatik zuzentzen gara zuzenean herritarrari “Orain zu” leloarekin. Modu honetan, norberaren osasun eta ongizatea lehenetsi, eta kiroldegiak eskaintzen dituen laguntza eta baliabideak eskaini nahi ditugu” adierazi du Mikel San Miguel kiroletako zinegotziak.
Ongizate pertsonalerako unea
“Ikerketek, zein esperientzia pertsonalek, erakusten dute kirola egitea osasuntsua dela fisikoki eta mentalki. Horregatik, ariketa fisiko minimo bat egitea onuragarria dela adierazi nahi izan dugu kanpainarekin”. Kanpainak, 2025 arinago, indartsuago, malguago eta osasuntsuago bat izatera gonbidatzen du.
Horretarako, kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzu, abantaila eta aukerak aurkezten ditu etxez etxe banatuko den eskuorriak.
Kiroldegian abonatzearen abantailak
Kiroldegiko abonuak kirol instalazioak erabiltzeko aukera emateaz gain, hainbat abantaila dituela jakinarazi ditu Udalak. Bazkide izateagatik, sarbide zuzena izango du herritarrak hainbat zerbitzuetara. Besteak beste, honako hauek:
- ARRASASOI: hilean behin bazkideei eskaintzen zaien formazio edo ekintza.
- Urteko abonu zozketa: urtero abonua berritzeagatik, 10 abonuren zozketa.
- Astean kirol instalazio baten erreserba bat doan.
- Entrenamendu pertsonalerako monitore zerbitzua.
- Kirol ikastaroak merkeagoak bazkideentzat.
- Mugiment Kirol Txartel birtuala erabiltzeko aukera.
Abonuak eta deskontuak, zailtasun ekonomikoei aurre egiteko
- 4 abonu mota eskaintzen ditu Arrasateko Udalak kiroldegian bazkidetzeko.
- Plus abonua: abonu osoa da, gune lehorra eta gune hezea batzen dituena.
- Hezeko abonua: Musakolako kiroldegiko sauna eta barruko zein kanpoko igerilekuetara sarbidea eskaintzen duena.
- Lehorreko abonua: Musakola, Uarkape eta Iturripeko kiroldegiak erabiltzeko aukera ematen du. Gimnasioak, pistak, frontoiak, zelaiak…
- Udako abonua: Uda garaian soilik kanpoko igerilekuak erabiltzeko aukera eskaintzen du.
Abonu hauek ordaintzen laguntzeko hainbat deskontu eta hobari jarri ditu Udalak martxan. “Hobarien sistema zailtasun ekonomikoak dituzten herritar eta familiei laguntzeko ezarri dira. Dirua ez dadin oztopo bat izan kirola egiteko” adierazi du San Miguelek. Honako hobari hauek eskaintzen ditu Udalak urteko abonua ordaintzeko:
- Errentaren araberako hobaria, gutxieneko soldataren arabera: %75eko hobaria.
- AES/RGI laguntzen onuradunak: %75eko hobaria.
- Gizarteratze prozesuan edo asilo eskaera egin duen pertsona: %75eko hobaria.
- %33tik gorako desgaitasun maila onartua duen pertsona: %25eko hobaria.
- Ikasleak: %25eko hobaria.
- Guraso bakarreko familiak: %25eko hobaria.
- 65 urte edo gehiagoko pertsonak: %25eko hobaria. (Kiroldegiko erabilera 16:00ak arte)
Inbertsio berriak, zerbitzua hobetu eta bazkideak berreskuratzeko
Azken urteetan Arrasateko Udala hainbat inbertsio eta mantentze lan egiten ari da kirol instalazioetan, hauek duindu eta kirol eskaintza hobetzeko. Izan ere, pandemiak bazkide galera handia ekarri zuen, eta horiek berreskuratzeko nahaian ari dira.
“2.000 bazkide inguru galdu ziren urtebetean pandemiaren ondorioz, eta 2024 urtean lortu dugu gerturatzea pandemia aurreko zifretara. Seinale ona da, baina lanean jarraituko dugu kirol instalazio duin eta erakargarriak eskaintzeko arrasatearrei” adierazi du Mikel San Miguelek. Hobekuntza eta inbertsio horien berri eman du Udal gobernuak:
2023 eta 2024 urteetan egindako inbertsioak Musakolako eraikinean eta Uarkapen.
- Mojategiko atletismo pista, argiteria eta Errugby zelaia.
- Uarkapeko frontoia eta ordutegi luzapena eguerdi eta udan.
- Musakolako kiroldegian: sauna berria, aldagelen zorua berritu, igerileku txikia berritu, spinning birtuala, makina berriak erosi.
Eta aurrera begira, hainbat mugarri nagusi jarri ditu:
- 2025ean: Rokodromoa, tenis-padel pistetan mantentze lanak, gimnasioko makina berriak erosi edota Mojategiko segurtasun sistema hobetzea aurreikusten du Udalak.
- Iturripeko kiroldegia urte amaieran hastea aurreikusten du Udalak, eta lanak 2 urtez luzatzea gutxienez.
- 2026an: Musakolako kiroldegi berrirako proiektua idaztea.
- 2028tik aurrera: Musakolako kiroldegia eraikitzea.