Udaleko Osoko Bilkurak oraindik aldatu barik zeuden azken tasak eguneratzea bozkatuko du datorren astean egingo den osoko bilkuran

2024/05/28
Card image cap
2024-2025 ikasturteko ikastaroek % 3ko igoera izango dute, INEk 2023ko apiriletik 2024ko apirilera ezarritako hazkundea, hain zuzen ere, eta eragina izango du ingurumen hezkuntzako, euskaltegiko eta kirol ikastaroetako tasetan. “2015-2023 epealdian KPIa % 21 igo den bitartean, tasak ez dira igo, eta, horren ondorioz, zerbitzu horien defizit ekonomikoa geroz eta handiagoa izan da” Ogasun batzordeburuaren esanetan.

Udaleko Osoko Bilkurak 2024/25 ikasturteko tasak onartuko ditu datorren astean, oraindik aldatu gabe zeuden azken tasak. Kontuan izanda, INEko (Instituto Nacional de Estadistica) 2024ko apirileko datuen arabera, 2023ko apiriletik 2024ko apirilera % 3,3ko hazkundea egon dela ondasun eta zerbitzuen kontsumoaren batez besteko prezioetan, Ogasun batzordearen proposamena da ikasturteko tasak % 3 igotzea.

“Azken bi legegintzaldietan ez da tasarik igo, eta hau ezin da kudeaketa eredua izan. 2015-2023 epealdian KPIa % 21 igo den bitartean, tasak ez dira igo, eta, horren ondorioz, zerbitzu horien defizit ekonomikoa geroz eta handiagoa izan da” Joseba Ezpeleta Ogasun batzordeburuaren esanetan. “Joera honekin amaitu beharra dago”. Izan ere, igoera hau  ”jasangarria” dela adierazi du Ogasun batzordeburuak, horretarako adibide batzuk jarriz: “Kirol ikastaroetan, adibidez, igoera 0,42 € eta 1,19 € bitartekoa da, edo Euskaltegiko ikasle arrunt batentzat 0,04 euroko igoera”.

“Ezin da defizita etengabe sortu”

Joseba Ezpeleta Ogasun batzordeburuak adierazi duenez, “zerbitzu horiek defizitarioak dira, eta igoera txiki hauek gauzatu ezean, defizitaren zuloa geroz eta handiagoa izango da”. Hori dela eta, % 3ko igoera “neurrian egindako igoera” dela adierazi du, gastuari aurre egiteko igoera. “Gastu asko aurreikusten dugu eta gihar finantzarioa izan behar dugu, bidean baliabideak galdu barik”.

Diru publikoa zuhurtziaz kudeatzeko ardura

Ezpeletak diru publikoaren zuhurtziazko kudeaketan egin du azpimarra, eta aurretik dauden inbertsio “garrantzitsuei” egin die erreferentzia. ”Udalaren egoera ekonomikoa ona da, baina egoera ona mantentzeko, diru sarrerak mantendu behar ditugu. Gerakinen helburua, oro har, inbertsio berriei bide ematea izan behar da, ez gastu arruntera bideratzea. Poltsa husten bagoaz, ezingo diegu aurre egin epe labur eta ertainean ditugun erronka eta inbertsioei”. Inbertsio horietako batzuk aipatu ditu, besteak beste, Iturripeko eta Musakolako kiroldegi berriak, Amaia antzokiaren eraberritze integrala, eta bus geltoki duin bat egitea.