Bisita gidatua Arrasatetik Elorregira (San Prudentzio), Vasco-navarro trenaren bidetik
2018/02/19Orain dela 100 urte, 1918ko otsailaren 15ean, iritsi zen trena Arrasateko geltokira eta herria goitik behera eraldatu zen. Garraio horri esker Arrasateko enpresek urrutira eramaten hasi ziren euren produktuak. Diru-sarrera berriei esker, inbertsioak handitu eta enplegu sorrera nabarmenki hazi zen gure artean.
Trenbidearen alde bietan iraultza urbanistiko bat eman zen. Baserriek eta burdinolek okupatzen zituzten orubeetan eraiki ziren lantegi berriak. Baita estatuko beste lurraldeetatik Arrasatera etorritako lagunentzat etxebizitzak ere. Aisialdirako ere lekua bazegoen; pilotalekuak, futbol zelaiak, igerilekua eta zinea izan genituen XX. mende hasierako Arrasaten.
Trenak duela 50 urte burutu zuen bere azken bidaia gure artean baina, haren inguruan sortutako gizartearen ondare garrantzitsua mantendu da Arrasaten eta, horren berri emango du udal turismo sailak irteera berezi horrekin. Ibilbidea burutuko da otsailaren 24an, larunbata. Ibilbide gidatua 11:00tan abiatuko da Zaldibar pilota lekutik eta. 90-120 minututan iritsiko da, helmugara, Elorregi auzora, Zalduspe, Musakola eta Etxezarretatik pasatu ondoren. Itzulera oinez edo autobusez egin ahal izango da. Bueltatzeko Lurraldebus autobusak 12:55, 13:05 eta 13:20 daude san Prudentziotik.