Arrasateko Udalak 12 milioi eta erdi baino gehiagoko gerakina izan du 2023ko aurrekontuetan.

2024/05/07
Card image cap

Udal gobernuak, gaur, 18:00etan, Udaleko Osoko Bilkuran, ezagutzera emango du 2023ko aurrekontuen likidazioa. Aurreko ekitaldiak guztira 12.616.417 euroko gerakina izan du. “Aurreikusten genuen kantitatea da, abenduan aurreratu genuen bezala, 2024ko aurrekontuetako proiektu batzuk gerakinetik etortzear ziren partidekin finantzatuko ziren, besteak beste, Iturripeko proiektua idaztea, Gorostizako igogailuaren proiektua idaztea eta Musakolako Gaztetxoko berria egitea, besteak beste”, adierazi dute udal gobernuko ordezkariek.

Udal gobernuak bi urrats ezarri ditu gerakina nola erabili zehazteko, lehena akatearen dekretu bidez izango da, eta, bigarrena, Udaleko Osoko Bilkurak onartutakoa.

Alkatearen dekretuz 3 proiektu nagusi

Bihar, maiatzak 8, eguaztena, Maider Morras Azpiazu alkateak kreditu aldaketa bat sinatuko du, beharrezkoa dena epe motzean hiru proiektu nagusi martxan jartzeko. Kreditu aldaketak, miloi bi inguru jasoko baitu, besteak beste, proiektu hauek ahalbidetuko ditu:

  • Iturripeko proiektua idaztea:

Iturripeko proiektua idazteko lizitazioa aterako da lehiaketara berriki. 600.000 €-ko aurrekontua izango duen proiektu horrek ahalbidetuko du Iturripeko kiroldegiaren proiektua idaztea, aurreikusten baita 2025ean eraikitzen hastea.

  • Autobus zerbitzuaren proiektu pilotua, udan Udala auzora joateko:

Arrasateko Udalak, berriki iragarri duen bezala, uztaileko asteburuetan Udala auzora igoko den autobus zerbitzu publiko berria ezarri nahi du. Aurten proiektu pilotu moduan funtzionatuko du, eta emaitza ona izaten badu, asmoa da datozen urteetan ere mantentzea. Dekretuak aurrekontu bat jasoko du zerbitzu hori kontratatu dadin.

  • Gorostiza auzorako igogailuen proiektua idaztea:

Martxoan Goroztizako bizilagunekin bilduta, Arrasateko Udala eta auzoko bizilagunak ados jarri ziren igogailuaren proiektua idazteko. “Proiektu konplexua da, eta ezinbestekoa izango da udal teknikarien, gobernukideen eta auzokideen inplikazioa bilatzea proiektua idaztean. Proiektua elkarlanean egingo da” adierazi dute.

Proiektu horiez gain, udalaren funtzionamendurako beharrezkoak diren doikuntza tekniko batzuk gauzatzeko, dekretu horrek diru partida ere jasoko du.

Udaleko Osoko Bilkurak erabakiko du gainerako gerakina zertan inbertitu

Udaleko Osoko Bilkurak gainerako gerakina zertan erabili zehaztuko du. “Gure asmoa izango da proposamen adostu bat eramatea 4 aste barru ekainean egitekoa den plenora, eta, posible izango balitz, aho batez onartzea alderdi guztien artean”.

Horretarako, udal gobernua hasi da sailetako teknikariekin lehentasunak eta sortutako behar berriak identifikatzen. “Lehen urratsa udal teknikariekin egin nahi izan dugu, eta, orain, alderdiekin egingo dugu, gure asmoa adostasuna lortzea baita”. Halaber, gobernuko ordezkariek gogorarazi dute, “legealdi planean jasotakoa errespetatu beharko dela, eta, ondorioz, proposatutakoak proiektu bateragarriak izan beharko direla”.

Inbertsioak zuhurtziaz egitearen aldeko apustua

Udal gobernuak gogorarazi du helburua “efizientziaz kudeatzea” izango dela, eta gerakinaren zati handi bat legealdian etorriko diren inbertsioetarako bideratuko dela. “Proiektu eta inbertsio handiak ditugu aurretik legealdi honetan, milioi askotako proiektuez hitz egiten ari gara. Honek, ezinbestean, zuhurtziaz jokatzera eraman behar gaitu”.

Epe motzeko proiektu horien artean aipatu dituzte Iturripeko kiroldegi berria eraikitzea, eta Amaia antzokiaren eraberritze integrala, besteak beste. “Horregatik, datorren urtean abiatuko diren obrak finantzatzeko, dirua gordeko dugu”.

Epe ertainera egongo diren inbertsioak ere aurreikuspenen artean izango dituzte gobernuko ordezkariek. “Epe ertainean Musakolako kiroldegia eta urbanizazio lanak egin beharko dira, beraz, zuhurtzia handia beharko dugu”.