Inauterietako kartela eta egitaraua aurkeztu ditu Arrasateko Udalak
2024/02/012024ko inauterietako kartel eta egitaraua eman ditu ezagutzera Arrasateko Udalak, eta besteak beste, mozorro lehiaketa, kale animazio eta dantzaldiak, edo sardinaren hileta izango dira otsailaren 9tik 13ra bitartean.
Egubakoitzetik martitzenerako egitaraua
Egubakoitzean hasiko da 2024ko inauterien egitaraua. Egun horretarako Arrasate Musikaleko ikasleek inauteriko kontzertua eskainiko dute 18:00etan Amaia Antzokian.
Zapatuan, otsailak 10, biziko du Arrasatek egun handietako bat. Biterin emango den pregoiak emango dio hasiera desfileari, 12:00etan, eta Herriko Plazan amaituko da. Bertan banatuko dituzte mozorro lehiaketaren sariak, guztira bost sari: kuadrilla onenari, karroza onenari, kuadrilla gazte onenari, taberna onenari eta bakarkako mozorro onenari. Mozorro lehiaketan parte hartzeko baldintza bakarra desfilean parte hartzea izango da. Arratsaldean, 18:00etan hasita, kale animazioa izango da Arrasate Musikaleko txarangarekin, eta, 19:30 eta 22:30ean, dantzaldia Herriko Plazan “Bide Batez” taldearekin.
Domekan, otsailak 11, Tanttaka konpainiaren eskutik, “Esnearen kolorekoa” antzezlana izango da Amaia Antzokian.
Amaitzeko, martitzenean, otsailak 13, bigarren egun nagusia ospatuko du Arrasatek. 17:00etan, Txatxilipurdik gidatuta, Disko Festa izango da Biteri plazan; eta ordu berean, Tomaxen Abenturak pailazoak Azken Festa ikuskizuna eskainiko du Amaia Antzokian. Zertxobait beranduxeago, 17:30ean, SAMAKUSI txarangak girotuko ditu herriko kaleak. 18:30ean Arrasateko Erraldoi eta Kilikien konpartsak kalejira egingo du, eta 19:30ean, Nemux taldeak disko-festa bateaz girotuko du Herriko Plaza.
Inauteriei itxiera emateko, tradizioa den bezala, Sardinaren Hileta egingo da. 20:30ean Kulturolatik hasi da desfilea, eta Herriko Plazan amaituko da, sardina bertan erretzeko. Jarraian, Nemux taldearen disko-festak jarraituko du giroa alaitzen.
Inauterietako kartel irabazlea
Inauterietako kartel lehiaketaren irabazlea, beste urte batez, Izaro Sanchez Sanchez aretxabaletarra izan da. Haren hitzetan “kolore oso biziak erabili ditut inauterietako saltsa irudikatzeko. Gainera, inauteriak guztiok bizi ditugula irudikatzeko, herriko eraikuntza esanguratsuenei begiak jarri dizkiet, herriak berak inauteriez disfrutatzen duela adierazteko”.
Aurrekontua, gardentasun osoz
Egitarauarekin batera, Arrasateko Udalak, beste urte batez, jaien aurrekontua aurkeztu du. Guztira 21.608€ko aurrekontua izango dute 2024ko inauteriek. Horrez gain, Udalak, garbiketa zerbitzua indartu du ospakizun egun hauetarako.
INAUTERIAK 2024 ARRASATE - EGITARAUA
OTSAILAK 9, EGUBAKOITZA
- 18:30 Arrasate Musikalen ikasleen inauteriko kontzertua Amaia antzokian.
OTSAILAK 10, ZAPATUA
- 12:00 PREGOIA Biteri plazan etxafuegoen jaurtiketarekin. Ondoren DESFILEA Arrasate Musikaleko txarangak lagunduta.
- 13:00 MOZORRO LEHIAKETAREN SARI BANAKETA Herriko plazan. Sariak:
- Kuadrilla onena Urdaiazpikoa+plaka+1.000€
- Karroza onena Urdaiazpikoa+plaka+500€
- Kuadrilla gazte onena Urdaiazpikoa+plaka+300€
- Taberna onena Urdaiazpikoa+plaka+300€
- 5 Bakarkako onena Garaikurra+Gazta+150€
Mozorro lehiaketan parte hartuko dute desfilean partaide direnak. Epaimahaia izango da aurreko urtean kuadrilla onenaren saria jaso zuen taldea.
- 18:00 Kaleetan zehar ANIMAZIOA Arrasate Musikaleko txarangarekin.
- 19:30 eta 22:30 Herriko Plazan, BIDE BATEZ taldearekin DANTZALDIA.
OTSAILAK 11, DOMEKA
- 19:30 TANTTAKA taldearen “ESNEAREN KOLOREKOA” ANTZEZLANA Amaia antzokian.
OTSAILAK 13, MARTITZENA
- 17:00 DISKO FESTA Biteri plazan Txatxilipurdirekin.
- 17:00 Amaia antzokian TOMAXEN ABENTURAK pailazoak “AZKEN FESTA” ikuskizunarekin.
- 17:30 SAMASIKU Txarangaren animazioa herriko kaleetan zehar.
- 18:30 Arrasateko Erraldoien eta Kilikien konpartsaren KALEJIRA.
- 19:30 Herriko Plazan, NEMUX taldearekin DISKOFESTA.
- 21:00 SARDINAren HILETA. Segizioak Kulturolatik 20:30etan abiatuta eta erdialdeko kaleak ibili ondoren, Herriko Plazan bukatuko du desfilea, sardina bertan erretzeko.
- Jarraian Herriko Plazan, NEMUX taldearekin DISKOFESTA.