Arrasateko Udalak eta Real Sociedad Fundazioak Walking Football proiektua jarri dute martxan elkarlanean
2022/03/14Real Sociedad Fundazioak Walking Football proiektua jarri du abian, 55 urtetik gorako pertsonengan bizimodu aktibo eta osasungarria sustatzeko helburuarekin. Gainera, proiektu honen bidez kolektibo horretako pertsonek jarduera fisikoa egiten duten bitartean harreman sozialak sustatu ahal izateko espazio bat sortu nahi da. Arrasateko Udalak bat egin du ekimenarekin eta Mojategin gauzatuko dira entrenamenduak asteazkenetan 11:00tatik 12:30ak bitartean. Entrenamenduak martxoaren 23an hasiko dira.
Walking Football futbol modalitate bat da, bizimodu aktiboa mantentzen eta ondo pasatzen laguntzeko diseinatua. Futbolean jokatzean datza, baina aldaketa batzuekin: oinez jokatuko da eta ezin izango da korrika egin, kontaktua saihestuko da eta ezin izango da baloia buruaren gainetik altxatu, beste arau batzuen artean. Realeko entrenatzaile batek astean behin ordu eta erdiko entrenamendua egingo du Walking Football-en parte hartu nahi duten pertsona guztientzat.
Kirola egiteko beste modu batez gozatu nahi duten 55 urtetik gorako pertsona guztiek, emakume zein gizonek, Walking Footballen izena eman ahal izango dute esteka honen bidez: https://forms.office.com/r/Li5WvbtaLC. Horrez gain, izen emate orriak egongo dira Arrasateko Musakolako kiroldegian, Biztanle Arreta Zerbitzuan (BAZ) eta Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati eta Bergarako kiroldegietan.
Real Sociedad Fundazioaren proiektu honek Adinberri, Donostia Lagunkoia, Matia Fundazioa, Adinkide, Agujipens (Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkartea), Arrasateko Udala eta Beasaingo Udalaren babesa du.
Zalantzarik izanez gero, fundazioa@fundazioa.realsociedad.eus helbidean, 943 46 28 33 telefonoan edo Musakolako Kiroldegira deituz argitu daitezke.