Liztorren kontrako kanpainaren datu berriak

24/09/2020
Card image cap
Udara hasiera nahiko lasaia izan bazen ere, abuztu hasieratik aurrera liztorren jazarpena nabarmen handitu da eta etxe barruetara sartzen hasi dira. Honek jendearen aurkako eraso eta ziztaden arriskua areagotu du.

Udaberrian jakinarazi genizuen tranpatze kanpainaren inguruko datuak oso emankorrak izan zirela, izan ere, iaz baino 1342 erregina gehiago harrapatu genituen, guztira 3773. Hala eta ere,  ikusi dugu iaz baino abisu gehiago jaso ditugula liztorren inguruko arriskuaz ohartaraziz. Honetan guztian ondorio bat atera dugu, aurtengo negua aspaldiko epelena izan dela, eta hortaz, neguan bizirautea lortu duten liztor erregina kopurua ikaragarri handia izan dela.

Udalak espezie honen kontrako kanpainan egin dezakeen lana erabat erabakigarria  den arren, bistan da eguraldi edo klimarena ezinbesteko faktorea bihurtzen dela liztorren ugaltze prozesuan.

Udara hasiera nahiko lasaia izan bazen ere, abuztu hasieratik aurrera liztorren jazarpena nabarmen handitu zen eta etxe barruetara sartzen hasi ziren. Honek jendearen aurkako eraso eta ziztaden arriskua areagotu zuen.

 Azpimarratu behar da espezie guztietako liztorrak ugaritu direla, bai asiarrak esaten diegun Vespa Velutina, baina baita bertakoak diren beste espezie desberdinak ere, Vespa Crabro “asiarra baino handitxoagoa” edo Vespula Germanis edo Vespula Bulgaris, azken bi hauek liztor arruntak bezala ezagutzen ditugunak. Esan  bezala, izan dugun negu arinak espezie guztien ugaltze oparoa ahalbidetu du eta horren kontra ezin ezer egin.

Dagoeneko 33 liztor beltzen kabi deuseztatu ditugu eta bertako liztorren beste hainbeste kabi suntsitu edo tokiz aldatu dira. Azken hauek, ahal izan dugun neurrian, kabia osorik hartu eta inori kalterik egingo ez dion tokira eraman dira, eta tamainarengatik edo irisgarritasun arazoagatik hartu ezin izan direnak, suntsitu egin dira. Ulertu behar dugu bertako espezieak errespetatu eta zaindu behar ditugula, beti ere gizakion segurtasuna eta ongizatea lehenetsiz, eta kendu edo esterminatu behar direnak, kasu honetan inbaditzailea den Vespa Velutina edo liztor beltza baino ez dela.

Iraila eta urria dira liztorren koloniak aktibitate gorenean dauden hilabeteak eta garai honetan sortuko dituzte hurrengo urtean kabiak egingo dituzten erregina berriak. Erregina gazteak jaio eta egun batzuetara heldutasun sexualera iristen direnean, habiatik irten eta hegan bakoitza 8-10 liztormandorekin “liztor arrak” ernalduko da, ondoren ahal bezain azkarren erreserbak pilatu, enbor, pareta edo lur azpian babestuta mantenduko duen zuloa bilatu, eta negua igarotzeko prestatuko da. Hortaz, esan genezake orain dela une egokia kabiak bilatu eta deuseztatzeko. Izan ere,  azaro eta abendu artean koloniak bizirik dirauen arren, dagoeneko kolonia bakoitzak duen ugaltze helburua beteta izango du eta aurrerantzean liztor familia honen aktibitatea gain behera etorriko da. Negurako erregina zaharra eta langile denak hilko dira. Dena den, beti da lagungarri kabi zaharrak kentzea, batez ere hurrengo urtera begira Konfuziorik sor ez dezan.

Hemendik aurrera zuhaitzak hostoak galdu ahala liztor kabiak azalduz joango dira, eta beti bezala, udalak herritarrei eskaera egiten die kabi horien kokapenean laguntzeko. Horretarako azpian agertzen diren telefono zenbakiak errazten dizkizue.

Harremanetarako kontaktuak:

BAZ ……………………….……...943252000

UDALTZAINGOA……………..943252010

UDAL TEKNIKARIA…………..628115673