Santamasetarako egitaraua martxan zapatu honetatik aurrera

2023/12/15
Card image cap
Kultura ekintzak abenduaren 16tik 31ra bitarte programatu dira, eta herritar guztientzako ekintzak jasotzen ditu.

Aste honetan Santamas Komisioak aurkeztu du 2023ko jaien egitaraua eta horri jarraikiz, dozenaka ekintza aurreikusten dira abenduan hainbat kultura eragileren parte hartzearekin.

Protagonismo handiena Santamas eguneko egitarauak izango du, hasiko da goizean goizetik txistu eta etxafleroekin, eta amaituko da dantzaldiekin gaueko ordu txikietan. Ohikoa den bezala, aukera egongo da egun osoan dantzarien, txistularien eta musikarien kalejiraz gozatzeko, baita talo postuez edo musika dantzaldiez gozatzeko ere.

Feriak eta azokak berrikuntzekin

Tradizioari eutsiz, hainbat azoka eta feria izango dira Arrasaten Santamas egunean. Jose Mª Arizmendiarreta plazan aurkituko dugu ganadu feria, eta Jokin Zaitegi plazan eta Biteri etorbidean egongo da artisau langintzen jarduera feria. Euskal Herriko produktuen azoka, berriz, Biteri plazan aurkituko dugu 47 posturekin, bertan eskainiko dira Euskal Herrian ekoiztutako ogia, gazta, eztia, ahate produktuak, gozoak eta bestelakoak. Horrez gain, guztira 8 talo postu egongo dira, eta fruta, barazki eta herriko saltokien azoka Seber Altube plazan egongo da.

Azken azoka honetan 12 postuk hartuko dute parte eta aurten, gainera, berrikuntzekin dator. Izan ere, aurten ez dira egingo orain arte ohikoak izan diren lehiaketak, baina herritarrek aukera izango dute bozka bidez  postuen inguruan iritzia emateko, plazan bertan jarriko den postontzi batean. Hori horrela, postu bozkatuenak oroigarri bat jasoko du (13:00etan).

Kultura agenda asteburu honetan

Egubakoitzean, hilaren 15ean, kalerija astronomikoa eskainiko du A&B Showek Maiatzaren Lehena plazan (San Andres) hasita.

Zapatuan, hilaren 16an, pandero tailerrean parte hartu daiteke, 11:00etan hasi eta 12:00ak bitarte; horretarako, baina, aurrez izena eman behar da arrasatetrikitixaeskola@gmail.com helbidera idatziz. Era berean, 11:30-13:30 bitarte jostailuen truke merkatua izango da Biterin, eta arratsaldean “Udalatx, ura eta Atxa” dokumentalaren hiru emanaldi eskainiko dira Amaia antzokian.

Abenduaren 17an, domekan, adin guztientzat eskainitako Eko Makilaje Tailerra eskainiko du Ekoudalatxek 11:00etan Seber Altube plazan; izen emateak 688 85 92 28 whatsapp zenbakian egin beharko dira. Ordu berean, 11:00etan, Haurren Santamas Krosa izango da, eta 12:30ean, ostera, Kuadrilen Santamas Krosa. Asteburuko kultura agendarekin amaitzeko, 13:00etan, Arrasate Musikaleko Orketra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du Uarkapen.

Halaber, zapatu honetan artisauen azoka hasiko da, Eskuartean artisau kolektiboak antolatuta, eta hilaren 16, 17, 23 eta 24ko egunetan izango da Seber Altube plazan, karpan.

Ikusi eta deskargatu egitaraua hemen.