Udal Gobernuak ‘2023-2027 Gobernu Plana’ aurkeztu du herritarren eta eragileen aurrean
2024/02/20“Gobernu Plan hau, datozen urteetarako bide-orri bat izatea nahi dugu, baina bizirik dagoen Plana da. Herritar eta eragileen parte hartzearekin aberastu, moldatu eta eraiki nahi dugun bide-orria da. Bi norabideetan lan egingo duena, elkarren artean entzun eta lan egingo duena” adierazi du Gladys Fernandez zinegotziak aurkezpenaren irekieran.
Gobernantza hurbila eta eraginkorra
Maider Morras alkateak hartu du hitza planaren oinarriak azaldu eta gobernantza ereduaz hitz egiteko. “Gobernantza eredu hurbila eta eraginkorra nahi dugu. Hurbila, herritarrentzat laguntza tresna bat izateko; eta eraginkorra, udal baliabideen erabilera arduratsua eta antolaketa efiziente bat izateko”. Hurbileko gobernantza eredua lortzeko proiektuen artean kokatu ditu Morrasek auzoetan martxan jarriko dituztenak. “Auzo batzordeak eta auzo alkatetzak aktibatuko ditugu, parte hartzerako tresnak bilakatzeko”. Modu horretan, “auzoetako beharren mapa” eta auzoetako “topaguneak” egiteko asmoa agertu du, “auzo alkatetza, auzo elkarte, jai batzorde eta eragile ezberdinekin osatutako elkarlan mahaiak martxan jarriz”.
Gobernantza eraginkorra izango da, Morrasen esanetan, “Udal baliabideak berrantolatuz eta behar bezala erabiliz”. Proiektu horien artean “modernizazioa eta koordinazioa hobetzeko” egitasmoak izango dira, “erakunde publikoa herritarrak laguntzeko tresna izateko”.
Bizitzeko herria
Kepa Urteagak (Pertsonak, Auzoak eta Obra, Zerbitzu eta Mantentzea) hartu du hitza “Bizitzeko herria” lan ildoa aurkezteko. “Herri eredua berrasmatzeko eta berritzeko beharra dugu. Etorkizuneko erronkak ate joka ditugu, eta erronka hauei erantzungo dien hirigintza eredua behar dugu: jasangarria, irisgarria eta bizitzeko erosoa”.
Urteagarekin batera hitz egin du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun saileko arduradunak, eta lehen neurri nagusien artean kokatu du HAPOren “berrikuspen osoa, etorkizuneko Arrasate nolakoa nahi dugun denon artean idazteko”. Berrikuspen horrekin lotu du Mugikortasun Plana berritzea, “HAPOren oinarria izango dena”. Mugikortasun plana aurten egingo den bitartean, HAPOren onarpena 2026rako dago aurreikusita. “Mugikortasun planetik eratorriko diren proiektu hauek ere gauzatuko dira legealdi honetan, besteak beste, Herri Busaren lineak berrikustea, autobus geltoki berriaren kokapena definitzea, bidegorri sarea osatzen joatea eta hirigintza taktikoaren erabilera sustatzea”.
Hileta zibiletarako “leku duin bat” egokitzea aurreikusten du Udalak, eta auzo ezberdinetako berrurbanizazioak lanak egitea ere, “irisgarritasun, saneamendu eta jasangarritasun irizpideak jarraituz”. Besteak beste Doneztebe Portuko eta Santa Teresa kaleen berrurbanizazioa eta Altamira-Altamirazpikoaren lehen fasea 2024-2025 urteetan zehar, Takolo-Goiruren berrurbanizazioaren proiektua berreskuratzea 2025ean hasi eta 2027 bitarte, Udala Auzoko goiko eremua berritzea 2026 urtera bitartean, San Juan auzunea berritzea 2025ean, edo eta San Andreseko Gudarien Plaza eraberritzea 2026an”.
Herriko naturgune nagusien arteko sarea ere sortuko du Udalak, eta konexio edo proiektu partekatu bat egin: Etxezarreta, Monterron eta Santa Barbara parkeen artean.
Oinarri komunitarioa duen herria
Jasone Giraldo (Ongizatea, Hezkuntza eta Bizikidetza zinegotzia), eta Eva Abuinek (Feminismoa eta LGTBI+ zinegotzia) aurkeztu dute hirugarren lan ildo hau: “Oinarri komunitarioa duen herria”. Giraldoren esanetan, “Udalaren asmoa komunitatearen izaera indartu eta biziberritzea da. Elkar bizi eta zaintzeko, eta pertsona guztien eskubide eta aukera berdintasunak bermatzeko”. Helburu horretan kokatu dituzte ekimen guztiak.
Etxebizitza politikak eskubide bezala defendatu ditu Eva Abuinek, eta norabide horretan kokatu ditu aurreikusten diren proiektuak, horien artean Arrasate gune tentsionatu izendatzearena.
Babes sozial eta komunitarioan bi esku-hartze nagusi aurreikusi ditu Udalak, prebentzio eta esku hartze komunitariorako mahaia sortzea, sektoreko eragileen arteko elkarlana eta sinergiak bultzatzeko; eta aurkeztu berri duten Bizikidetza eta Aniztasunaren II. Planaren gauzatzea. Bi proiektuak agintaldi osoan zehar gauzatzekoak izango dira. Hezkuntzari lotuta dauden Udal Eskola Kontseilua sortu, Arrasatek Hezi proiektua berreskuratu eta Monterron jauregi-parkea hezkuntzara bideratu, proiektuaren definizioa eginez, izango dira Giraldo buru duen sailaren beste proiektu batzuk.
Bi lan ildo berriren lanketa ere iragarri dute Abuinek eta Giraldok: Feminismoak eta LGTBI+ politikena, eta Belaunaldiartekotasun politikena. Lehenak, orain arte berdintasun saila barnebiltzeaz gain, LGTBI+ politikak batuko ditu, “urte luzeetako zor historiko bat” kolektiboarekiko Abuinen esanetan. Berdintasun politiketan, hainbat berrikuntza eta proiektu jaso ditu Udalak, horien artean daude Emakume Txokotik, Etxe Feministara berrira pasatzea 2026rako, Berdintasun Kontseilu Herritarra sortzea, edo Udal barruko I. Berdintasun Plana egitea.
Belaunaldi arteko politikak “belaunaldi ezberdinen arteko bizikidetza eta harremana sustatzeko” helburua dutela adierazi du Giraldok. Nagusien Kontseilua sortu, edo gazteen osasun mentalerako diagnosi eta ekintza plana egitea aurreikusten dira lanen artean.
Herri aktibo eta ekintzailea
Jaime Bengoak (Tokiko Ekonomia eta Enplegua zinegotzia), eman dio sarrera azken lan ildoari, Andoni Arratibel (Kultura zinegotzia) eta Mikel San Miguelekin (Azuoak eta Kirola zinegotzia) lagunduta. “Arrasate, ibilbide ekintzaile eta aktiboa izan duen herria da. Udalaren funtzioa eragile guzti hauen bidelagun izatea izango da”, eragile ekonomiko, sozial, kultural edo kiroletako eragileei erreferentzia eginez.
Alor ekonomiakoan, Arrasate kooperatibismoaren herria dela baieztatu du Bengoak, “baina baita enpresa txiki, familiar eta autonomoen herria ere”. Zentzu horretan, Arrasateko ehun ekonomikoaren erresilientzia plana egitea aurreikusten du Udalak 2025erako, Azoka berritzea 2026an edo Coworking espazioak sortzea 2027 urtean.
Mikel San Miguelek Kirol Herriaren proiektuaren garapena iragarri du, “kirol azpiegiturez gain, natur guneak eta herriko mugikortasun eredu aktiboak sustatuko dituen proiektua bilakatuz”. Kiroldegiei dagokionez, lehena eraikitzen Iturripekoa izango da. Dagoeneko proiektuan lanean badaude ere, 2027an amaitzea aurreikusten dute, obrak 2025ean hasiko direlarik. Iturriperen ostean etorriko da Musakolako kiroldegiaren txanda. “Proiektua 2026an idatziko du Udalak, eta, bitartean, berritze eta mantentzen lanak egingo dira inguruan, eraikinean edo atletismo pistan esate baterako”.
Amaitzeko, Andoni Arratibelek kultura, euskara eta ondarearen inguruko proiektuen berri eman du. “Kultur eragileen arteko sinergiak sortzea nahi dugu, horregatik, agenda bateratua bultzatuko dugu eta Arrasateko Kultur Azpiegituren Mapa osatuko dugu”. Hain zuzen, 2025-2026 urteen artean, Amaia Antzokiaren eraberritzea aurreikusi du Udalak. Euskarari dagokionez, Euskararen Plan Integrala egin eta euskararen udal ordenantza onartzea aurreikusten du Udal Gobernuak 2025erako.
Ondare historikoaren zaintza eta mantentzeari dagokionez, Portaloiko arkuaren eraberritzea egingo da 2025ean, Markuleteko labea berreskuratzea edo eta Gomeztio baserria berreskuratzea 2026rako.
2023-2027 Gobernu Planaren txostena eskuragarri
Aurkezpenaren amaieran, herritarren iritzi eta galderak erantzun dituzte, eta gogorarazi aste honetan zehar auzoz auzo aurkeztuko dutela plana.
Agintaldian egingo diren proiektu guztien memoria eta exekuzio plana txosten batean jaso du Udalak, eta eskuragarri dago udaleko webgunean. Ikusi hemen dokumentua.