“OINEZ GUREKIN” lemapean dator aurten Europako mugikortasun astea Arrasatera irailaren 16tik 22ra

2019/09/12
Card image cap
Aste honek helburu du Arrasaten mugikortasun iraunkorra sustatzea eta sentsibilizazioaren bidez herritarren artean eztabaida eta hausnarketa sortzea, azalduz, kotxearen gehiegizko erabilera murriztu behar dela eta hori oinez, bizikletaz edo garraio publikoa erabiliz egin daitekeela

2002an hasi zen Arrasate Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea ospatzen, aurtengoa, beraz, 18. edizioa izango da gurean. Europa mailan ospatzen den aste honek urtero lema bat izan ohi du, “oinez gurekin” da, hain zuzen ere, aurtengoa eta irailaren 16tik 22ra ospatuko da.

Aste honek helburu du Arrasaten mugikortasun iraunkorra sustatzea eta sentsibilizazioaren bidez herritarren artean eztabaida eta hausnarketa sortzea. Azaldu nahi da, kotxearen gehiegizko erabilera murriztu behar dela eta hori oinez, bizikletaz edo garraio publikoa erabiliz egin daitekeela. Mugikortasunak herriko bizi kalitatean eragin handia du eta horregatik herritarrei mezu hori helarazteak berebiziko garrantzia dauka.

Autoaren gehiegizko erabilerak ondorio negatibo asko sortzen ditu: CO2 emisioak, klima aldaketa areagotzea, airearen kalitate txarra, herritarren arnasketa gaixotasunak gero eta ohikoagoak izatea, lurraren okupazioa, herritarrengan arriskuak sortzea, zarata… Osasunean eta ingurumenean inpaktu handia dauka.

Mugikortasun Astearen egitarauan badira urtero ohikoak diren jarduerak, baina baita berriak ere.

 

Jarduera berriak

  • Irailaren 15ean, “oinez gurekin” lemari jarraiki, ibilaldi gidatu bat egingo da herritik Udala auzora, bidean masustak batuz, ondoren Udalako Ingurumen Eskolan marmelada egiteko.
  • Irailaren 16tik 20ra, Arrasateko Udalak, GFArekin elkarlanean helduek bizikletan ibiltzen ikasteko doako ikastaroa antolatu du. Bi orduko saioak izango dira egunero, astelehenetik ostiralera, talde bat goizez eta beste bat arratsaldez.
  • Urritik aurrera bizikleten erregistroa abian jarriko da Udaltzaingoan. Edozein herritarrek erregistratu ahal izango du bere bizikleta udalean. Horretarako ekarri beharko da bizikletaren erosketa faktura (balego), bizikletaren argazki bat eta NANa.
  • Irailaren 18an, MUGIpuzkoa kanpaina. Mugi txartelaren erabilera sustatzeko kanpaina aurkeztuko dute Udalak eta Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzak, Herriko plazan. Urritik aurrera, udal Gazte Bulegoan Mugi txartela kargatzeko zerbitzua abian jarriko da.

 

Ohiko jarduerak

  • Irailaren 21ean, BirZikleta, bigarren eskuko bizikleta azoka ospatuko da. Azoka hau tradizio bihurtu da dagoeneko, aurtengoa 16. edizioa du eta. Bestalde, bizikleta erakusketa ere izango da, herriko dendetako bizikleta eskaintza erakusteko. Bir-zikleta azokarako material bilketa irailaren 14an, 17an eta 19an egingo da.
  • Irailaren 16tik 20ra “eskolara oinez” izango dugu eta azken egunean Ausolanen eskutik gosari osasuntsu bat banatuko da.
  • Gainera, aste osoan zehar, herri busa doan izango da.
  • Mugikortasun adimentsuaren inguruko informazio kanpaina egingo da. Kanpaina horren bitartez, mugikortasun iraunkorraren inguruko aholku zein datuak jaso ahal izango dituzte interesdunek.