Santamas egunaz gozatzeko hamaika arrazoi domekan Arrasaten

2024/12/20
Card image cap
Bigarren urtez, Seber Altubeko barazki eta herriko saltokien posturik onena sarituko da herritarren botoarekin.

Santamas eguna goizean goizetik hasiko da txistu eta etxafleroekin, eta amaituko da dantzaldiekin gaueko ordu txikietan. Ohikoa den bezala, aukera egongo da egun osoan dantzarien, txistularien eta musikarien kalejiraz gozatzeko, baita talo postuez edo musika dantzaldiez gozatzeko ere.

Santamas komisioaren egitarau osoa hemen.

Azokak, herritarren botoekin sarituta

Tradizioari eutsiz, hainbat azoka eta feria izango dira Arrasaten Santamas egunean. Jose Mª Arizmendiarreta plazan aurkituko dugu ganadu feria, eta Jokin Zaitegi plazan eta Biteri etorbidean egongo da artisau langintzen jarduera feria. Euskal Herriko produktuen azoka, berriz, Biteri plazan aurkituko dugu 48 posturekin, bertan eskainiko dira Euskal Herrian ekoiztutako ogia, gazta, eztia, ahate produktuak, gozoak eta bestelakoak. Aurten Biteri plazan egongo diren jangai postuen kokapen antolaketa ezberdina izango da herritarren eta saltzaileen arteko plaza giroa hobetzeko asmoarekin. Horrez gain, guztira 8 talo postu egongo dira, eta fruta, barazki eta herriko saltokien azoka Seber Altube plazan egongo da.

Azken azoka honetan 14 postuk hartuko dute parte eta aurten, pasa den urtean baino bi gehiagok. Aurreko urteko berrikuntzei jarraituz, aurten ere, herritarrek aukera izango dute bozka bidez postuen inguruan iritzia emateko, plazan bertan jarriko den postontzi batean. Hori horrela, postu bozkatuenak oroigarri bat jasoko du (13:00etan).

Udaltzaingotik oharra

Aurten hilaren 22a igandea izanik, eta autobus zerbitzu publikoan deituta dagoen greba dela eta, Udaltzaingoak aholkatu du, Arrasatera kotxez etortzekoak direnei, “Notario Etxagibel kale inguruetan aparkatzea” (JMA lantegia dagoen inguruetan), izan ere, aurreikusi dute “kotxe kopuru handia” etor daitekeela grebaren ondorioz.