Uztailaren 18an Txakolin eguna antolatu da Arrasaten, baserritarren azoka bereziaren barruan

2020/07/15
Card image cap
Uztailaren 18an Txakolin eguna antolatu da Arrasaten, baserriko produktuen azoka bereziarekin batera. Aukera izango da txakolina dastatu eta erosteko, eta pintxoak ere egongo dira.

Txakolin eguna ospatuko da Arrasaten uztailaren 18an baserritarren azoka bereziarekin batera. Aukera egongo da Debagoieneko hiru txakolingileren produktua dastatu eta erosteko: Otxia (Bedoña), Belaskua (Oñati) eta Murgialdai (Oñati).

11:00etatik aurrera, aukera egongo da azokako produktuekin egindako pintxoak dastatzeko, baita gazta eta gildak ere. Azokako erosketa tiketarekin doan izango dira pintxoak, eta, bestela, euro batean salduko dira.

Azokako postuek, ekainean bezala, antolaketa berezia izango dute segurtasuna bermatzeko. Alde batera begira bakarrik egongo dira kokatuta, eta postuen artean distantziak gordeko dira. 16 postu egongo dira guztira, eta denetariko produktuak egongo dira salgai: ogia, haragi ekologikoa eta gazta, egurrezko tresnak sukalderako, lautadaren promozioa, arrain kontserbak, euskal pastela eta artzain gazta, barazki ekologikoak, barazkiak eta gazta, ahate deribatuak, nekazaritzako tresnak, marmelada ekologikoa, ardi gazta, eztia, deshidratatutako produktuak eta hazi garrapiñatuak, marokoar erako pastak, ogia eta gozogintza, gailetak, bizkotxoak eta enpanadak, eta abar.

Arrasateko baserriko produktuen azoka hilero egiten da, hileko hirugarren zapatuan, Seber Altube plazan, 9:00etatik 14:00ak arte.

Udalak, azokara joatean, gomendatzen du maskara erabiltzea, eta derrigorrezkoa da pertsonen artean distantziak errespetatzea .