Oreixe Akustikoa musika zikloaren XVI. edizioa irailaren 6tik 15era izango da, sei emanaldirekin
2024/07/30Urteroko zuzeneko musika emanaldi akustikoak bueltan dira Arrasaten. Aurreko urtean, lekualdatzearekin batera, izenez aldatu zen jaialdia, OREIXE AKUSTIKOAK izena hartuta. Aurtengoarekin, beraz, XVI. edizioa izango da, urteroko arrakasta errepikatzeko asmoz. Hemen ikusi dezakezu egitarau osoa.
Sarrerak abuztuaren 1etik aurrera salgai
Emanaldi bakoitzerako sarrerak https://amaiaarrasate.janto.es/ helbidean eskuratu ahalko dira abuztuaren 1etik aurrera, eta egunean bertan emanaldi bakoitzaren aurretik leihatilan. Sarrera bakoitzaren prezioa 5 €-koa izango da.
Egitaraua egunez egun
- Irailaren 6an, egubakoitza, 19:30ean - YO DIABLO
“YO DIABLO” Valentziako bikote bat da, fingerpicking basatia egiten duena, "tucu-chaca" erritmo mantran. Haren musika da bluegrass, surf rock, deep blues eta rockabilly psikodelikoaren arteko nahasketa. LP berrian, bikoteak azken urteetan zuzenean garatu dituzten abestiak aurkezten ditu; bikotearen bilakaera banda gisa definitutako soinu baterantz. Albuma hainbat musika generoren bilduma da, hala nola rockabillya, techno valentziarra, Mulatu Astatkeren jazz etiopiarra, ZZ Top taldearen hard rocka, Las Grecas eta Los Amayaren gipsy rocka eta 90eko hamarkadako techno valentziarra.
- Irailaren 7an, zapatua, 19:30ean - EKHI LAMBERT
Ekhi Lambert da konpositorea eta kantautorea, Irulegikoa.
Influentzia desberdinak juntatuz (herrikoia, pop, musika inpresionista, filmetako musika), interpretazio eta idazkera musikalaren norberako ikusmoldea aldarrikatzen du. Bere bakarkako bigarren diskoarentzat, Ekhi Lambertek hainbat musikarirekin obra oparo, zorrotz eta anbiziotsua sinatzen du. Inbasioak diskoa askotarikoa iragartzen da, bazter, xoko eta pasabidez betea. Musikari askoren laguntzarekin gauzatu izan du lan hori: Oiasso Kameratako sokak, Joseba Irazoki, Félix Buff, Oihan Oliarj-Ines, Ludovic Leriche… Taula gainean, kantagintza eta poesiari lehentasuna emanez, Ekhi Lambertek seikote moduan aurkezten dizkigu bere kantu berriak. Amets batek irudimena bizikide egiten duen gisara, Ekhi Lambertek atmosfera elegante eta epiko bat josten du.
- Irailaren 8an, domeka, 19:30ean - HABIA
Hiru hari eta hiru ahots batera. Tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak jotzen dituzte, eta taldearen musika entzutean mundua mugimenduan eta jendeen soinua hurbiletik sentitzen dugu, amaren besoetan lokartzen ginenean bezala. Egoera biziki berezi horretan gizadiaren barnetasunean murgiltzeko. Haientzat garrantzitsuak diren gaiak aipatzen dituzte. Haien kulturan murgildurik, hiru musikariek momentu goxo bat proposatzen dute, indartsua eta maliziaz josia.
- Irailaren 13an, egubakoitza, 19:30ean - LAS NIETAS DE CHARLI
"Las Nietas del Charli" Maria eta Micu gara, ahizpak eta lagunak. Denboratxo bat daramagu proiektu hau eraikitzen, esfortzuz eta bihotzez. Garenarekin kontaktua ez galtzeko, abestiak egiten ditugu, partekatzeko. Abesten dugu gure esperientzia, gure nahiak eta oroitzapenak, hazi garen paisaiak eta musikarekiko dugun grina aldarrikatzeko. Ahotsen eta gitarraren formatu akustiko honetan, nahi duena hurbiletik entzutera gonbidatzen dugu. Gelditu pixka batean.
- Irailaren 14an, zapatua, 19:30ean - ERROMINTXELAK
2021ean Arrasaten sortutako swing taldea da. Aurretik, proiektu askotan elkarlanean aritutako musikariak dira. Partaide guztiek musika ikasketak dituzte eta eskarmentu handiko musikariak dira, bai estudioan eta baita zuzenekoetan ere. Gaur egun, irakasle dihardute Euskal Herriko musika eskoletan zein kontserbatorioetan. Euskaraz sortutako abestiak eta instrumentu akustikoak uztartuz, ikuskizun paregabea eskaintzen dute. Swing eta gipsy musikaren ezaugarri dibertigarrietan oinarrituz, ikusleak dantzan jartzen dituzte.
- Irailaren 15ean, domeka, 19:30ean - KARMENTO
Karmento da Mantxako artista folklorikoa, eta 2012an hasi zuen bere ibilbide artistikoa, Malta uhartera bizitzera joatea erabaki zuenean. Han, nazioarteko musikariekin harremanetan hasi zen, "Mudanzas" lehen albuma osatuko zuten abestiak idazten. 2020tik aurrera, neofolclore espainiarraren izen handienetako bat izaten hasi da, eta "Este devenir" albuma MondoSonoro-rentzat Erroko Musikaren 10 album onenetako bat izatea lortu du. 2023an Benidorm Festen parte hartu zuen, eta finalistetako bat izan zen, publikoaren aho bateko babesari esker. Orain Karmento "La Serrana" disko berriarekin itzuliko da, 2024ko otsailean argitaratua.