Villa Amparo inguruan eraikiko den ur parkearen gunean hasi dira Ekobulebar berriaren obrak
2020/11/24Hasi da Ekobulebarraren obra. Villa Amparo eraikinaren inguruan hasi dira lanak aste honetan. Bertan ur parke berri bat eraikiko da, Santa Barbarako parkeak izandako arrakastari jarraiki, ibaiaren alboan. Eremuaren antolaketa lanak burutzen dihardute langileek: edukiontzi guneen aldaketak, zoladuraren markaketa… Hainbat zuhaitz ere moztuko dira, proiektuak landarediaren berrantolaketa bat proposatzen baitu, haur eta gaztetxoen segurtasuna bermatze aldera parke berrian.
Parkeak bi gune izango ditu: bat haurrei zuzendua, ur zirkuitu batekin, eta bigarrena gaztetxoentzat, 18 ur jolas baino gehiagorekin. Udalaren helburua da 2021eko ekainerako martxan egotea ur-parke berria.
Arrasateko Udalak udalerriko hirigintza proiektuekin aurrera darrai horrela bi helburu nagusi oinarri: etorkizuneko Arrasate eraiki, garapena, iraunkortasuna eta eraldaketa ekologikoa oinarri, eta tokiko enpleguaren sustapena Covid-19ak eragindako pandemiaren aurrean.
16 hilabete Ekobulebar berria egiteko
Lanak fase ezberdinetan gauzatuko dira. Ur parkeaz gain, Maitzaren 1 plaza eta Maalako biribilgunea lotuko dituen bidegorriak jarraipena izango du. Garibaiko BUS geltokiari itxura berri bat emango zaio, motorrentzako eta bizikletentzako aparkalekuak eta TAXIen geralekua ere berregokituz. Horrez gain, Biterri eta Maalako biribilgune arteko zatia oinezkoentzat eta bidegorriarentzat bakarrik utziko da (ibilgailuek jada ezingo dute hortik igaro).
San Juan Taldearen berrurbanizazioari dagokion zatia bizilagunekin urriaren 20an egindako bileraren arabera egin beharreko aldaketak burutu ostean gauzatuko da. Bizilagunekin adostu da arkua ez botatzea eta urbanizazioaren saneamendua berritzea.
Construcciones Moyua S.L. enpresak burutuko ditu lanak. Aurrekontua 1.729.079,97 eurokoa da, BEZ gabe. Gauzatzeko epea 16 hilabetekoa da.