Musakola, Uarkape, Amaia Antzokia eta gainerako instalazioak edukieraren % 100era

2021/10/08
Card image cap
Eusko Jaurlaritzak iazko abuztuaz geroztik indarrean zen osasun larrialdiko egoera indargabetu eta LABIren aholku batzordea desegin ondotik, neurri murriztaile ia guztiak bertan behera geratuko dira Arrasaten ere.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak iazko abuztuaz geroztik indarrean zen osasun larrialdiko egoera indargabetu eta LABIren aholku batzordea desegin ondotik, neurri murriztaile ia guztiak bertan behera geratuko dira Arrasaten ere. Horrela, hona hemen zer aldaketa izango diren kirol eta kultura jarduerei lotutako udal azpiegituretan:

Musakolako, Uarkapeko zein gainerako kirol instalazioak %  100era

Edukiera % 100ekoa izango da, bai gimnasioetan eta aldageletan, bai kirol partiduetako ikusleentzat. Boulderra, igerilekua eta muskulazio gela erabiltzeko, ez da hitzordurik hartu beharko.

Tornuak berriro ere martxan jarriko dira, eta abonatu txartela eta hatz markaren erabilera beharrezkoa izango da kirol instalazioan sartzeko.

Eskaintzen diren ikastaroei dagokienez, posible den heinean edukiera kopuruak igoko dira.

Indarrean jarraitzen du musukoaren erabilerak kirol instalazioaren barruan. Beharrezkoa da erabiltzea gimnasio, aldagela, boulder eta ikastaroetan, baita ere, higiene neurri guztiak mantentzea eta eskuak askotan garbitzea.

Partiduetarako harmailak irekita egongo dira % 100eko edukierarekin, ikusleek musukoa erabili beharko dute momentu oro, eta ezin izango dute kontsumitu ez janaririk, ez edaririk, ura izan ezik.

Kultura ere % 100era

Kulturateko areto nagusiak eta Amaia antzokiak ere berreskuratuko dute % 100eko edukiera. Musukoaren erabilerak eta higiene neurriak bermatzeak derrigorrezkoa izaten jarraituko du.

Ezin izango da kontsumitu elikagairik eta edaririk, ura izan ezik.