Arrasateko Berdintasun sailak emakumeei zuzendutako Doako Informazio eta Orientazio Juridikoaren Zerbitzua indartuko du
2022/09/06Arrasateko Udalak 20 urte darama tratu txarrak edo sexu erasoak jasan zein emakumeek sufritzen duten bereizkeria ororen bueltako kontsulta juridikoak artatzen, Doako Informazio eta Orientazio Juridikoaren Zerbitzuaren bitartez. Banakako laguntza juridikoa da, prozesatu aurrekoa, eta kontsulta bakar batean egiten da.
Johanna Sanchez Berditasun zinegotziak azaldu duen eran, “zerbitzu hau erabili duten emakume askoren ezaugarriak eta egoera kontuan hartuta, zerbitzu integralagoa eskainiko da. Kontsulta bakarra izan gabe, beste modalitate bat eskainiko da, aukera emango duena emakume horien jarraipena egiteko eta etengabeko arreta jasotzeko: aholkularitza juridikoa, prestakuntzak eta gizarteratzeko laguntza taldeak. Kasuz kasu aztertuko da, eta kasuei jarraipena emateko modalitatea eskainiko da, hala badagokio”.
Eskainiko den informazioa: emakumeen aurkako erasoei, dibortzioari eta dibortzio prozesuetatik eratorritako gatazkei buruzko prozesu penalak, mantenu pentsioak ez ordaintzea eta bisita erregimenak ez betetzea, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, diskriminazioari eta eskubideei buruzko informazioa, etxeko langileak eta gainerako langileak kaleratzea, eta abar.
Zerbitzua irailaren 19an hasiko da, eta urriaren 10ean, azaroaren 7an eta abenduaren 12an jarraituko du. 16:00etatik 18:00etara izango da, Emakume Txokoan. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da Emakume Txokoan bertan.