Emakume Txokoak udazkeneko plangintza berria aurkeztu du

2024/09/10
Card image cap
Liburuxka, informazio osoarekin, etxeetara iritsiko da egunotan. Ikastaro, tailer eta ekimenen eskaintza berria eskuragarri egongo da ohiko kanaletan ere, webgunean, sare sozialetan eta Emakume Txokoan bertan.

Emakumeon* errealitate eta zapalkuntza ezberdinak abiapuntu bezala hartuta, proposamen berriak bilatzen du lanketa eta hausnarketa pertsonala eta kolektiboa sustatzea.

Udazkeneko plangintzak bide eman gura dio emakumeen ahalduntze prozesuak, emakumeen arteko sareak, eta begirada eta lanketa feministak sustatzeari.

Horretarako eskainiko diren Jabetze Eskolako proposamenetan nagusi izango dira elkar zaintza, ahizpatasuna eta konfiantzazko giroa.

Genero mandatuak eta botere harremanak identifikatu, aztertu eta haiei aurre egiteko tresnak landuko dira. Gure gorputzetan, emozioetan, harremanetan, munduaren ikuskeran, egunerokotasunean eta jendarteko esparruetan duten eragina ikusgarri egingo da. Eta lanketa eremu bakoitzetik, saiatuko gara eraldaketarako bideak lantzen. Deskargatu hemen liburuxka.

Izen emateak irailaren 16tik aurrera

Horretarako, Jabetze Eskolako proposamenak, irailetik abendura bitartekoak, 11 ikastaro, 3 tailer, eta hausnarketa eta topaketa gune ezberdinak biltzen ditu. Jabetze Eskolako ikastaro eta tailer berrietan, izena eman ahal izango da irailaren 16tik aurrera. Izen emate orria hemen.

Jabetze Eskolan topatu ahal dira:

Gorputzaren lanketa oinarri duten ikastaroak (zoru pelbikoa indartzeko, mugimendua eta dantza, diafreoa);

Gure bizitzetan ematen diren aldaketa zikloak lantzen dituzten ikastaroak (amatasuna, emakumeak eta adinkeria, elikadura eta menopausia);

Autoezagutza eta aldaketa pertsonal zein kolektiborako lantzeko tresnak eskainiko dituztenak (Coaching feminista, Harreman parekideak eta komunikazioa).

Egunerokotasunerako tresna praktikoak landuko ditu elektrizitate ikastaroak, eta antzerkia eta kantua ere landuko ahalko dira, beste eremu batzuk arakatuz.

Jabetze Eskolako gune iraunkorrak ere martxan jarriko dira berriro urrian: irakurketa feministen gunea irakurketa proposamen berriekin dator, eta emakume migratuen guneak ere hitzorduak eginak ditu Marisol Abreuk dinamizatuko duen “Loratzen” tailerrean.

Amaitzeko hiru tailer berri antolatu dira, doan, urrian eta azaroan, zapatu goizetan, patxadaz hausnartzeko, ikasteko eta eztabaidatzeko:

  • Emakumeak, eromena eta isiltasunak, Itxaso Martin Zapirainekin
  • Atzerritarrei buruzko legearen inguruan, Luciana Alfarorekin eta Nora Ugartebururekin
  • Indarkeria matxistaren legediaren inguruan hausnartzekoa, Irule elkarteko abokatuekin.

Jabetze Eskolaren eskaintzarekin batera herritar guztiei zuzendutako ekimenak ere antolatu dira, hausnarketa feminista kolektiboak sustatzen jarraitzeko asmoarekin.

Egitarauari hasiera emango dio irailaren 20ko kontzertuak, jada iragarria duguna, eta ondoren izango dira hainbat hitzordu jorratuko dituztenak, formatu ezberdinetan, gai hauek: dolu perinatala, haurdunaldi subrogatuak, autodefentsa feminista, indarkeria matxista, borroka feministen molde ezberdinak, emakume migratuen bizi baldintzak…

Ekimen horietako batzuk antolatu dira hainbat eragilerekin elkarlanean, eta herritar guztiak gonbidatu gura ditugu bertan elkartzera.

Informazio gehiago, Emakume Txokoan

Plangintzaren informazio praktikoa edo azalpen gehigarririk behar izanez gero, Emakume Txokoak zabalik ditu ateak:

Astelehenetik eguenera: 10:30-14:00 eta 15:00-18:00

Egubakoitzetan: 10:00-14:00

emakumetxokoa@arrasate.eus

943 79 41 39 / 618 20 62 33 (Whatsapp)

ET aurkezpena