‘Memoria partekatu baterantz, Arrasate 1936-1956’ liburua berrargitaratu da giza eskubideen urraketen 534 testigantza berriez osatuta

2022/03/10
Card image cap
Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta udalak lanaren edizio berri bat gauzatu dute, herritar ugariren testigantza berriez osatua. 534 pertsona berriren giza eskubideen urraketak jaso dira, eta bigarren edizio honek 72 orrialde gehiago du, 96 argazki eta 34 dokumentu berri.

2017ko irailean, Memoria eta Bizikidetza mahaiak, osatua Arrasateko Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek, enkargua egin zion Intxorta 1937 Kultur Elkarteari udalerrian 1936-1956 garaian gertatutakoaren memoriaren lanketa egiteko: egindako lana jaso zen ‘Memoria partekatu baterantz, Arrasate 1936-1956. Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa’ liburuan.

Liburu horrek oinarrian hartzen ditu Intxorta 1937 Kultur Elkarteak hamarkada askoan egindako lanketak, ikerketak eta bestelako liburuak. Lan horren abiapuntu historikoak dira Primo de Ribera-ren diktadura eta Monarkia erori zireneko garaia, eta Errepublika ezarri zen garaia.

Orain bigarren pausu bat eman da herriaren historia berreskuratzeko, gertatutakoa ezagutarazteko eta etorkizuneko belaunaldientzat beltza zuriaren gainean jartzeko: liburuaren edizio berri bat gauzatu da, herritar ugariren testigantza berriez osatua. Bertan, besteak beste, informazio zehatzak eta zabalak erabili dira, jaso direnak udal artxiboetan, probintzietako eta militar artxiboetan, eta egindako beste lan batzuetan. Guztira, Arrasateko 534 pertsona berriren giza eskubideen urraketak jaso dira: 477 erresistente (92 preso, 32 gudari edo miliziano, erbestera ihesi joandakoak, ardura politikoa zuten 10 pertsona…) eta 57 matxinatu. Haien bizipenei eta kontakizunei esker jaso ahal izan da urteetan pairatu den indarkeriak zelako eragina izan duen Arrasaten, baita ere, herriko bizikidetzan izan duena. Liburuak 333 argazki eta 88 dokumentu jasotzen ditu: bigarren edizio honek 72 orrialde gehiago du, 96 argazki eta 34 dokumentu berri.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Udaleko Bizikidetza Mahaiak azpimarratu dute: “frankisten giza eskubideen urraketak eta garai haren osteko diktadura kontuan hartzen baditugu, esan dezakegu horiek Arrasateko biztanle gehienei eragin zietela: desagertze behartuak, exekuzio sumarioak, torturak, espetxeratze arbitrarioak, soldadu joan beharra, lan behartuak, erbestera behartutako milaka pertsona… Emakume irainduak eta estigmatizatuak, diskriminatuak, lanik gabeak, etxerik gabeak… Ideia politikoekiko jazarpena, askatasunik ez berba egiteko eta batzeko, debekua euskaraz berba egiteko... Arrasaten, biztanleriaren % 34k, hau da, 2.450 pertsonak (492 emakume), giza eskubideen urraketak jasan zituen. Helburua da haien historia ezagutzera ematea eta aitortzea. Aldi berean, helburua da gure iragana orainera ekartzea, memoria oinarri sendoen gainean eraiki dezagun”. Liburua, orain, era digitalean dago eskuragarri www.arrasate.eus eta  www.intxorta.org web atarietan.