Juan Azarmendi Musika Etxea errealitate da
2022/10/05Juan Azarmendi Musika Etxea errealitate da jada. 2016an Aprendices eraikina birgaitzeko proiektuaren idazketarekin ekindako bideak bere fruituak eman ditu eta Goikobalu eta Arrasate Musikalek espazio berriak izango dituzte aurrerantzean beren jarduna aurrera eramateko.
Aprendices eraikinarekin alderatuz, sarrera berria hegoaldeko fatxadan kokatu da, Zerrajera kaleruntz. Kulturolarekin bateragarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea bilatu da aktuazio honekin. Horrez gain, ekialdeko sarreran, Visesako etxealdeetara ematen zuen sarreran, kokatuta zegoen ‘Eskola Aprendices’ errotulua sarrera berrian kokatu da.
Eraikinak Aprendicesen izaera mantendu nahi izan du jasangarriago bilakatuz eta bi eragileen beharretara egokituz. Hirugarren solairua guztiz berria sortu da eta beheko solairuan sarrera berri bat egin da.
Sotoa, behe solairua eta hiru solairu ditu eraikitako 2.740,50 metro karratu dituen eraikinak, 700 metro karratu erabilgarri solairuko. Honela banatzen dira instalakuntzak:
- Sotoan, instalazioetako gelak, garbitegia eta biltegiak aurkitzen dira.
- Beheko solairuak, harrera-idazkaritza, auditorio nagusia 164 eserlekurekin, orkesta bandaren entsegu gela eta perkusio gela hartzen ditu. Aldagela txiki bat ere badu solairu honek auditorio nagusiari lotuta.
- Lehen solairuan instrumentu gelak eta hizkuntza gelak daude, eta baita bi gela bakarka entseatzeko. Guztira 19 gela dira.
- Bigarren solairuan Goikobaluren egoitza kokatzen da: entsegu gela handia, bulegoa eta entsegu gela txikiak bakarka entseatzeko. BigBand musika taldearentzako entsegu gela ere bertan dago kokatuta. Badira ere bi instrumentu-bandarentzako gela eta dantza-entsegu gela. Aldagelak ere badira pisu honetan.
- Hirugarren solairua, espazio administratiboagoa da. Arrasate Musikalen zuzendaritza bulegoa, irakasle gela, artxiboa eta liburutegi-fonoteka daude bertan. Terraza berri bat hartzen du solairuak: espazio irekia eta estalkia ditu, formatu txikiko emanaldiak antolatzeko helburuarekin.
Eraikin guztia intsonorizatuta dago, entsegu oro egoki garatu ahal izateko. Horrez gain, eraikina guztiz irisgarria da eta solairu guztiak eskilarek eta igogailuak lotzen dituzte.
Gainera, energia jasangarritasunean jarri da fokua eta luminaria guztiak LED sistemakoak dira. Ildo beretik, jasangarritasunari jarraiki, eraikinaren berotze eta aireztatze sistemak geotermia eta aerotermia sistemakoak dira.
Inbertsioa, azken likidazioak ixteke badaude ere, gutxi-gorabehera, 4,7 milioi eurokoa izan da, BEZ barne.
Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du “Arrasate musikal eraikin enblematiko honetara itzuliko da azkenean, 14 urteko behin-behinekotasunaren ostean, eraikinaren egoera txarraren ondorioz lehen solairua eraitsi zenean. Eraikina Arrasate Musikalen eta Goikobalu abesbatzaren egoitza izango da. Gure herriaren musika-sormenaren erdigune, eta Kulturolaren alboan. Ekosistema kultural oso garrantzitsua sortu dugu bertan. 20 eragile kultural eta Udal Euskaltegia batu dira Kulturola eta JAMEn, gure kultur mugimendu indartsua are aberatsago bilakatzea ahalbidetuko dute bi espazioek, elkarren arteko harremana, elkarlana eta sinergiak ahalbidetuz”.
Mobiliarioa jartzeko prozesua abian
2018an hasi zen obra. 2020ko otsailean obra eten egin behar izan zuen Udalak enpresa adjudikatzaileak epe-mugak ez betetzeagatik. Berriz ere lizitaziora atera zen uztailean bertan egiteke zegoen obraren zatia, 2021ean lizitatuz. 2022ko irailean eman zaio amaiera obrari.
Orain altzariak eta bestelako mobiliarioa ezartzeari ekingo zaio, behin Goikobalu abesbatzak eta Arrasate Musikalek eraikina bisitatu eta euren beharrak zehaztu ostean. Hain zuzen lehiaketa abian da eta datozen asteetan ebatziko da. Aurreikusten da bi eragileak 2023a hasterako bertan kokatzea jada.