Arrasateko Udalak laguntzak bultzatu ditu herriko elkarteek antolatutako udalekuetan haurren parte-hartzea sustatzeko

2022/05/09
Card image cap
Dirulaguntza izango da partaidetza kuotaren % 90ekoa, eta gehienez 200 € emango dira haur bakoitzeko. Gainerako % 10a familiak ordainduko du. Dirulaguntza horiek 3 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek eskatu ahal izango dituzte

Arrasateko Udalak, aukera berdintasunean eragiteko asmoz, laguntza deialdi bat jarri du abian, irabazi asmorik gabeko tokiko elkarteek antolatutako udalekuetan Arrasateko haurrek parte hartu dezaten sustatzeko.

Dirulaguntza izango da partaidetza kuotaren % 90ekoa, eta gehienez ere 200 € emango dira haur bakoitzeko. Gainerako % 10a familiak ordainduko du. Udalak zuzenean ordainduko dizkie emandako dirulaguntzak udalekuak antolatzen dituzten tokiko elkarteei.

Maitane Muñoz Garapen Komunitarioko zinegotziak adierazi duenez, udalaren helburua da haurrak ez geratzea aukera barik udalekuetara joateko: “Udaleku hauek irabazi asmorik gabeko tokiko elkarte ugarik antolatzen dituzte: Txatxilipurdik, Dokek, kirol elkarteek... Aisialdiko, kulturako eta kiroleko eskaintza hori hezkuntza ez-formalaren esparruan kokatzen da, eta haur askorentzat onuragarria izan daiteke, haurren garapen integralean eragin positiboa izan baitezake. Izan ere, udalekuetan ikasi eta ondo pasatzeaz gain, pertsonen arteko harremanak sustatzen dira eta balio asko lantzen dira. Oporretan, udalekuek aukera ematen diete haur askori euskaraz bizitzen jarraitzeko, eta eragina izan dezakete euskaraz integratzeko unean”.

Dirulaguntza horiek 3 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek eskatu ahal izango dituzte. Haur bakoitzak dirulaguntza eskatu ahal izango du udaleku programa bakar baterako.

Dirulaguntza jasotzeko, familiek baldintza hauek bete beharko dituzte izena emateko unean: urteko diru sarrera gordinek ezin izango dituzte gainditu zenbateko hauek: 2 pertsonako bizikidetza unitateak: 20.000 €, 3 pertsonako bizikidetza unitateak: 26.000 €, eta 4 pertsona edo gehiagoko bizikidetza unitateak: 30.000 €. Arrasaten erroldatuta egon behar dute, eta egunean egon behar dute udal tasa, isun eta zergen ordainketan.

Eskabideak aurkezteko epea 2022ko ekainaren 30ean amaituko da. Eskabideak modu telematikoan aurkeztu daitezke udal webgunean edo aurrez aurre BAZ Biztanleen Arretarako Zerbitzuan (Arano eta Garcia maisu-maistren kalea 8).