Udala auzora igotzeko autobus zerbitzu berria egubakoitzean jarriko da martxan
2024/07/02Egubakoitz honetan, uztailak 5, Udala auzora igotzeko autobus zerbitzu publiko berria hasiko da. Proiektu pilotua izango da, eta hurrengo 5 asteburuetan egongo da indarrean, uztailaren 5etik abuztuaren 4ra arte. “Hasiera batean, zerbitzua, uztaileko asteburuetan ezartzea zen aurreikuspena, baina abuztuko lehen asteburuan Udalako jaiak izanik, astebetez luzatzea egoki ikusi dugu” adierazi du Kepa Urteagak, Auzo eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak.
Aparkaleku arazoari konponbidea emateko
Autobus zerbitzu publikoa jartzeko arrazoia udan izaten den auto masifikazioaren ondorio da. Egun eguzkitsuekin pertsona asko igotzen dira Udalara, mendira, jatetxeetara eta igerilekura. Horrek kotxe masifikazioa ekarri izan ohi du, trafiko arazoak sortu eta bizilagunei egunerokoan eragozpenak sortu. “Arrasate-Udalatx lasterketan, autobus zerbitzuaren lehen froga egin genuen, eta erantzun ona izan zuen. Oraingo honek ondo funtzionatuz gero, datozen urteetan uda osoan zehar jartzeko aukera aztertuko dugu”.
Autobus zerbitzua jartzearekin batera, kotxeen aparkalekuak ere berregokitu dituzte, haiek mugatzen dituzten seinaleak margotuz eta autobus geltokiaren gunea seinaleztatuz. “Goiko aparkalekuak txukunketa bat behar zuen, eta hauek autobus zerbitzu berriari egokitu ditugu”.
Prezioa, ordutegiak eta geltokiak
Bidaia bakoitzaren prezioa 0,5 eurokoa izango da, eta eskudirutan ordaindu beharko da. Autobus zerbitzu berezia denez, ezingo da Lurraldebus edo Mugi txartelekin ordaindu; beraz, nahitaez eskudirutan ordaindu behar da.
Autobus lineak hiru geltoki izango ditu: erdigunean San Frantzisko 2. linean (zebrabidea igarota), Erguinen 2. linean eta azkena Udala auzoan (Uxarte aurrean dagoen aparkalekuan).
Autobus zerbitzuak 10:00etan egingo du lehen bidaia Arrasatetik Udala auzora, eta 21:30ean egingo du azkena, Udalatik Arrasatera. Autobusak orduko maiztasunarekin arituko dira, eguerdian izan ezik. Bazkal orduan zerbitzua indartu egingo da, eta ordu erdiko maiztasuna izango da igotzeko zein jaisteko. Hemen ordutegiak:
Arrasate-Udala (igo): 10:00 11:00 12:00 13:00 14:00 14:30 15:00 15:30 16:00 16:30 17:00 18:00 19:00 20:00 21:00
Udala-Arrasate (jaitsi): 10:30 11:30 12:30 13:30 14:15 14:45 15:15 15:45 16:15 16:45 17:30 18:3019:30 20:30 21:30