Gipuzkoako elikagaien bankuak ateak zabaldu ditu Arrasaten

2018/05/03
Card image cap
Ekimen hori Udalak, Harremanek, Caritasek, Gipuzkoako elikagaien Bankuak eta boluntario talde batek abiarazi dute elkarlanean, eta helburu du behar gehien duten herritarrei lehentasunezko elikagai zein bestelako elementuak ahalbidetzea

Elikagaien Bankuak ateak zabaldu ditu Arrasaten. Horrela jakinarazi du gaur Udalak, Harreman, Caritas eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuko kideekin batera goizean eginiko prentsaurrekoan.

Aipatu ekimena elkarlanean garatu dute guztiek, boluntario talde baten eta Eroskiren laguntzarekin eta helburu du behar gehien duten familia edota pertsonei lehentasunezko elikagaiak edota bestelako elementuak ahalbidetzea, hala nola: emakumeentzako konpresak, umeentzako hauts esnea, fardelak, arroza, olioa, kontserbak…

Horri esker, udalerrian sor daitezkeen elikagai premiak ahal den heinean asetu nahi dituzte ekintzaileek. “Jakina dugu, tamalez, gaur egun baliabiderik gabe edo ekonomia egoera larrian bizi diren familia ugari daudela Arrasaten eta horiei laguntza eta babesa eskaintzea da gure helburua”, azaldu du Arrasateko alkateak, Maria Ubarretxenak.

Prentsaurrekoan jakinarazi dutenez 200 familia inguru izango dira Elikagai Bankuko laguntza jasoko dutenak: guztira 604 pertsona eta horietatik 59 4 urtetik beherako haurrak. Horretarako, Caritas-ek aurre azterketa bat egin du familia horien berezitasun eta beharrak ezagutzeko (kide kopurua, haur kopurua…) horien arabera, ondoren, beharrezkoak dituzten elikagai “loteak” definitu ahal izateko. Familia horiei, agiri bat banatu zaie elikagaiak jaso ahal izateko.

Elikagai Bankua Mercedarias zentroan kokatu da eta familia horiek bertan jaso ahal izango dituzte elikagaiak, hilabetean behin. Bankuaren kudeaketa Harremanen esku utzi du Udalak, horrenbestez, elikagaien kudeaketa zein banaketa Harremanek zuzenduko du. Ildo horretan, joan den astean burutu zuten jada banaketa eta gaur bertan amaitutzat emango dute banaketaren lehen banaketa hori.  

Harremaneko kide den Javier Ruiz de Munain-en adierazi du euren bokazioa dela “pertsonei arrantzatzen erakustea horrela bizitza duina eraman ahal izan dezaten”. Adibide gisa jarri ditu Mozambike eta Ankur-eko proiektuak. Horietan, Harremanek zuzenean formazio eta lan aukerak jorratzen ditu familiekin, “ez baitugu ahaztu behar lana dela, hain zuzen, gizarte eraldaketaren motor eta ardatz nagusia”, azaldu du. “Arrasaten beharrak dituzten familiak daudela antzeman dugu Harremanen eta horregatik erabaki dugu Elikagaien Bankuarekin elkarlanean aritzea” gehitu du. Ildo horretan, Harremanek herritarrak eta instituzioak animatzen ditu formazio eta lan aukeren alde indarrak batzera, familia guztiek izan dezaten lan duin bat izateko aukera, pobrezia egoerei behin betiko amaiera emateko.

“Ilusioz beterik ekiten diogu Elikagai Bankuaren ekimenari. Elkartasunaren eta solidaritatearen aldeko urrats garrantzitsua da eta benetan iraunkorra eta bereziki lagungarria izatea espero dugu”, amaitu dute ekintzaileek.