Arrasateko Emakume Txokoak berriro zabaldu ditu ateak ekintza egitarau zabalarekin

2021/09/07
Card image cap
Irailetik abendura bitartean, Jabetze Eskolako ikastaroak eta guneak jarriko dira martxan, eta egitarau orokorraren barruan, hainbat ekintza eta ekimen eskainiko dira berdintasuna sustatu eta eztabaida feministak kaleratzeko.

Dagoeneko hastear dago 2021-22 ikasturte berria, eta horrekin batera, Arrasateko Emakume Txokoak berriro zabaldu ditu ateak eta ekintza egitarau zabala aurkeztu du, irailean hasi eta abendura arte.

Egitarauan, hain zuzen,  beti bezala, gizon eta emakumeen berdintasunean eragiteko helburua duten ekintzak eta ekimenak jaso ditu, kasu honetan, Jabetze Eskolako ikastaroez eta guneez zein egitarau orokorraren barruan antolatutako ekintzez osatuta. “Ikastaro guztiek ikuspegi feministatik erreparatzen diote errealitateari eraldaketarako tresnak eskainiz”, adierazi du Johanna Sanchez-ek, Arrasateko Udaleko zinegotzia.

Izen ematea zabalik egongo da irailaren 13tik 17ra bitartean, eta informazio gehiago edo orientazioa jasotzeko, interesdunak Emakume Txokora hurbildu daitezke, edo telefonoz deitu dezakete.

Jabetze eskolako ikastaro eta guneak berriro martxan:

Arrasateko Jabetze Eskola Emakume Txokoan dagoen formazio eta topaketa gunea da, eta helburu du emakumeen ahalduntze prozesuak sustatzea, parte hartze soziopolitikoa  ahalbideratzeko, feminismora hurbiltzeko eta sareak sortzeko.

“Jabetze Eskola konfiantzazko eremua da emakumeontzat, jendartean bizi dugun egoeraren inguruan irakurketa kolektiboa egiteko; gure bizipenak, ondoezak, jasaten dugun indarkeriak….. izaera estrukturala dutela ulertzeko eta egoera horiei aurre egiteko tresnak eskuratzeko”, azaldu du Johanna Sanchez-ek, Arrasateko Udaleko Berdintasun zinegotzia.

Horretarako, beti bezala, lanketa pertsonala eta kolektiboa uztartzen dituen jarduera sorta antolatu du Jabetze Eskolak, elkarlana oinarri hartuta eta giro onean,  emakumeak eta emakumeon eskubideak erdigunean jarriz.

Hona hemen Jabetze Eskolako hiruhileko eskaintza:

  • Feminismoa(k) lantzeko eta ezagutzeko:
    • Eztabaida feministak: Terapia versus politika
    • ‘Bizipen gineko-obstetrikoak’ tailerra
  • Osasuna eta gorputza lantzeko, genero ikuspegia kontuan hartuta:
    • Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa
    • Chi Kung
    • Feldenkrais
    • Osasun psiko-emozionala eta arreta osoa: Mindfulness
    • Tratu onak eta lotura afektiboak
    • Elikadura kontzientearen ikastaroa, indarkeria sinbolikoa prebenitzeko
  • Aisialdia, kultura eta sormena:
    • ‘Poesia xuxurlatuz’ tailerra
    • Emakumeok eta hitanoaren erabilera
    • Zapalduen antzerkia
    • Dantza, taldean egina
    • Mendian ere geure buruaren jabe
  • Ahalduntzerako guneak:
    • Irakurketa feministen txokoa.
    • Topalekua emakume migratuentzat:  Emakume migratuak topo egiteko topagunea eskaintzen du, istorioak partekatzeko, harremanak sortzeko eta bizi diren lurraldean jarduten eta bizitzen lagunduko dieten tresnak eskuratzeko gunea, alegia. 

Hainbat tailer eskainiko dira gune honetan, besteak beste zaintza lanetan ari diren emakumeen lan eskubideak lantzeko tailerra edo on-line tramiteak egiteko oinarrizko tresnak eskuratzekoa ere.

Egitarau orokorra

Jabetze Eskolak eskainitako ikastaro, tailer eta guneez haratago ere, egitarau orokorraren barruan,  Emakume Txokoak ekimen ugari antolatu du, berdintasuna sustatzeko eta eztabaida feministak kaleratzeko.

  • Ikasturte berriari hasiera emateko: “Erresistentzia arazo fisikoa da” antzerki emanaldia, Maite Aizpurua Olaizolarekin.
  • Bertso saioa, Amaia Agirre, Miren Amuriza, Oihana Arana, Haizea Arana eta Eli Pagolarekin;
  • “Carceles bolleras” dokumentalaren emanaldia eta aurkezpena, Cecilia Montagut zuzendariarekin;
  • “Nik sinisten dizut” irakurketa kolektiboa, indarkeria matxistaren gaia lantzeko, Irakurketa feministetako guneko kideak dinamizatuta eta herritarrak eta herriko eragileen parte hartzearekin.

 

Hemen egitarau osoa eta izen emate orria dituzu eskuragarri.