Abian da “Zaborra gehiegi, kalte larregi” kanpaina

2022/01/25
Card image cap
Debagoieneko Mankomunitatearekin batera, Udalako Ingurumen Eskolak kanpaina bat abiatu du Debagoieneko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egiteko.

Badira hainbat urte urtarril eta otsail bitartean kanpaina honetako saioak egiteari ekin geniola Udalako Ingurumen Eskolan.

Debagoieneko ikastetxeetan, LHko 3. zikloan eta  DBHko 1.mailan egiten dira hainbat saio hondakinen problematika lantzeko. Kanpainaren helburu nagusiak dira gaiari buruz informatzea eta kontzientziatzea.

Saio horietan gai hauek guztiak lantzen dira: hondakinak ondo sailkatzea zer garrantzitsua den, zer aukera dagoen materialak berrerabiltzeko, zenbat modu dagoen hondakin gutxiago sortzeko, hondakinek naturan zer arazo sortzen duten, zer erlazio dagoen gure kontsumo ereduaren eta sortzen dugun hondakin kopuruaren artean...

Horrekin batera, saioetan parte hartuko duten ikasleek aukera izango dute horma irudi lehiaketan (3. zikloan) eta lelo lehiaketan (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan) parte hartzeko. Maiatzaren 13 arteko epea daukate lanok egin eta aurkezteko.

Aurtengo kanpainaren leloa da “Zaborra gehiegi, kalte larregi” esaldia, Arizmendi ikastolako Almen guneko ikasle talde batek asmatua iazko lelo lehiaketan. Era berean, aurten jasoko diren esaldietatik aukeratuko da hurrengo urterako kanpainarako leloa.

Aurtengo kanpainan parte hartuko dute Debagoieneko LH 3. zikloko 26 taldek eta  DBHko 1.mailako 29 taldek.