Udal Gobernuak “inprobisazioa eta alderdikeriaz jokatzea” leporatu dio EAJri

2024/02/20
Card image cap
Gobernu Planean ekarpenak egiteko aukera ireki zitzaien alderdiei, eta EAJk ez zituen ekarpenik egin

Gorostiza auzoan igogailu bat proiektatzea eskatuta, EAJ “inprobisazioz eta alderdikeriaz” jokatzen ari dela salatu du Udal Gobernuak, eta “erakunde publikoen gainetik alderdia” jarri nahi izatea leporatu die.

“2023-2027 Gobernu Plana lehen aldiz herritarrekin partekatzeaz gain, oposizioko alderdiekin ere partekatu zen lehen aldiz, eta ekarpenak egiteko aukera ireki zitzaien, hau ere lehen aldiz. EAJk ekarpenik egingo ez zuela adierazi zigun. Gobernu Plana aurkeztu eta biharamunean hau planteatzeak, uste dugu, Udal Gobernua zigortzea baino, herritarrak eta politikagintzaren sinesgarritasuna kaltetzen dituela”.

Inprobisazioa eta erakunde publikoekiko leialtasun falta

EH Bildu eta Elkarrin Arrasate buru duen gobernuak salatu nahi izan du orain arteko erabakigune eta batzordeetan EAJk ez duela Gorostizako igogailua proposatu. Ez, behintzat, berriki onartutako Gobernu Planean, ezta ere 2024ko aurrekontuen negoziaketan ere.

“2024ko aurrekontuetan aurkeztutako 20 proposamenen artean ez zen igogailurik agertzen, eta orain aldiz, 2024rako gastu proposamena egiten dute. Horrek adierazten du inprobisazio hutsean kokatzen dela beraien proposamena eta argazki huts bat bilatzera joan direla”.

Gobernua irekita Arrasate hobe bat egiteko

Udal Gobernua prest agertu da edozein proiektu eztabaidatu, bideragarri den ikusi eta aurrera ateratzeko. “Hori da politika, eta lan hori dagokigu politikariei. Baina ez da zintzoa Udala bezalako erakunde publiko baten erabakiguneen gainetik, behin aurrekontuak onartuta, eta behin Gobernu Plana onartuta, inprobisazioz aldaketak eskatu eta kritika hutsalean erortzea”.

Udalak gaineratu du, onartu berri dute planak “Auzoen beharren mapa” egitea jasotzen duela, eta lanketa horretatik etorriko dela “auzotarrek dituzten behar materialak, irisgarritasun beharrak edo eta behar sozial eta komunitarioak identifikatzea”.

Lehen aldia Gobernu Plana publiko egiten dela

Gobernuak, gogoratu du, EAJren aurreko bi legegintzaldietan gobernuak ez ziola aukerarik eman oposizioari, ezta herritarrei, Gobernu Plana ezagutu eta ekarpenak egiteko. “Gobernu berriarekin abiatu den eredua da gobernantza parte hartzaile eta hurbilarena, eta jasotzen ari garen iritziak positiboak izaten ari dira”.

Amaitzeko, Udalak gogorarazi du 2023-2027 Gobernu Plana eskuragarri duela udaleko webgunean.