Udalak 100 sarrera zozketatuko ditu Mondra&Roll jaialdira joateko; Monterron parkean ospatuko da uztailaren 8 eta 9an
2022/06/22Uztailaren 8 eta 9an Mondra&Roll jaialdia ospatuko da Arrasateko Monterron Parkean. Jaialdian esku hartuko dute, beste batzuen artean, The Baboon Show, Cockney Rejects, Crap, La Inquisicion, La Excavadora, The Capaces eta Zero taldeek. Antolatzaileak: Mauka Musikagintza, HFMN, Jimmy Jazz eta Arrasateko Udala.
Jaialdiaren antolakuntzak hainbat sarrera banatu ditu, eta udalak herritarren artean zozketatuko ditu. Guztira 130 jaso ditu eta honela banatzea erabaki du: 30 bono Ibai-Arte merkatari elkarteari eman zaizkio, bere sistemen bidez zozketa ditzan, eta 100 bono herritarren artean zozketatuko dira.
Udalaren 100 sarreren zozketan parte hartzeko, udal web atariaren bitartez eman behar da izena eta baldintza hauek bete behar dira: 16 urtetik gora izatea eta Arrasaten erroldatua egotea. Izen ematea jada zabalik da ekainaren 30a bitarte (barne). Zozketa uztailaren 1ean egingo da.