4.268 pertsonek hartu dute parte autobus geltokiaren galdeketan. %74,2k Zalduspeko kokapena aukeratu dute, eta %25,8k Laubide

2024/11/19
Card image cap
Galdeketaren emaitza kontutan hartzeko gutxieneko baldintzetako bat bete da, bestea ordea ez. Udalak galdeketan parte hartu dutenei eskerrak eman die: “politikoki loteslea ez bada ere, herritarren parte hartzea oso aberatsa izan da”

Gaur ireki dituzte autobus geltokiaren kokapena erabakitzeko astebetez BAZen izan diren hautetsontziak. Alderdi guztiek ordezkaritza duten hirigintza batzorde berezia deitu dute horretarako Udaletxeko Pleno Aretoan.

Guztira 4.268 arrasatearrek parte hartu dute geltokiaren kokapena aukeratzeko galdetegian, hautesle erroldaren % 21,86ak hain zuzen. Emaitza honako hau izan da:

  • Zalduspe: 3.159 boto
  • Laubide: 1.102 boto
  • Zuriak: 2 boto
  • Baliogabeak: 5 boto

Gutxieneko baldintza bat ez da bete

Gutxieneko baldintza bi zeuden galdeketa politikoki loteslea izateko: %30eko gutxieneko parte hartzea, eta bi aukeren artean %10eko aldea egotea. Azken hau bete bada ere Zaldusperen alde, lehen baldintzak ez du gutxieneko langa gainditu. “8 puntu eskasengatik ez da gutxieneko parte hartzea bete. Eskerrik asko herritar guztiei galdeketan parte hartzeko agertu duten interesagatik” adierazi du Garazi Etxeberria, Hirigintza, Trantsizio Ekologikoa eta Mugikortasun zinegotziak. Galdeketak ez dituenez gutxieneko baldintzak bete, erabakia Udaletxean ordezkaritza duten alderdi guztien artean hartuko da.

“Positiboki baloratzen dugu alderdi guztiak kokapen berdinaren alde agertu izana, eta herritarren aldetik ere gehiengoz kokapen hori babestea”.

Etorkizuneko geltokia eta proiektua bideratzea

Behin kokapena erabakita, proiektua bideratzea izango da hurrengo urratsa. “Autobus geltokiaren eraikin duina eraikitzeko proiektua bideratzen hasi behar dugu orain. Horretarako hirigintzako plan orokorra aldatu behar da, eta proiektuekin hasi. Prozesua luzea izango da, eta baliteke bi edo hiru urteko epea behar izatea autobus geltoki berria eraikitzen hasteko” adierazi dute Udal ordezkariak.

Galdeketa autobusa