Urriaren 4tik aurrera tramitatu ahalko dira TAO Egoiliarren txartelak

2021/09/24
Card image cap
Udalak, aurrez, TAO sistemaren inguruko informazioa eta Egoiliar txartela tramitatzeko inprimakia etxe guztietara banatuko du, herritarrei tramitazioa errazte aldera.

Arrasateko Udalak TAO Egoiliarren txartelak ateratzeko aukera urriaren 4an zabalduko du, Olarte Kaleko 16. zenbakian zabalduko den TAO bulegoan. Udalak, aurrez, TAO sistemaren inguruko informazioa eta Egoiliar txartela tramitatzeko inprimakia etxe guztietara banatuko du, herritarrei tramitazioa ahalik eta gehien errazte aldera.  Inprimakia eta dagokion dokumentazioa beteta eramatea gomendatzen da, tramitazioa arintzeko. Bete dutenek berariazko postontzi batean utzi ahal izango dute, TAOren bulegoan bertan.

Urria eta azaroan txartelak tramitatzeko epealdia izango da, eta TAO sistema, probaldian (isunik gabe), abenduan eta urtarrilean indarrean jartzea aurreikusten da.

Bertakoentzako txartela

Bertakoentzako txartela lortzeko TAOko Barruti batean erroldatuta egon behar da. Helbide berean erregistratutako ibilgailu baten titularra izan behar da.

  • Ohiko Egoiliarraren txartela: Lehen txartela 35€; bigarren txartela 75€
  • Alde Zaharrekoak: Lehen txartela 30€; bigarren txartela 60€.

Bertako merkataritza txartela:

  • Egoiliarra: Lehen txartela 35€; bigarren txartela 75€; ibilgailu errotulatua 35€.
  • Alde Zaharrekoak: Lehen txartela 30€; bigarren txartela 60€; ibilgailu errotulatua 30€.

Egokitu zaien Barrutian aparkatu dezakete egoiliarrek eta merkatariek, bai Bertakoak gunean, bai TAO arruntaren gunean edo baita TAO luzearen gunean ere. Beti bere Barrutiaren barruan.

8 Barruti

8 Barrutitan banatu da Arrasateko udalerria:

  1. 0.1 Otalora-Ferixalekua
  2. 0.2 Garibai
  3. 0.3 Zarugalde-Munar
  4. 1.1 Arimazubi
  5. 1.2 Uribe
  6. 2.1 San Andres
  7. 3.1 Zabalgunea – Aldai
  8. 3.2 Txaeta

5 TAO mota

BERTAKOAK: Gune zuria, B/R bereizgarriekin.

  • Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:30ak arte eta 15:30etik 20:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan zerbitzua ez da abian egongo.
  • Bertakoentzako txartela izango dutenek aparkatu ahalko dute, bizi diren Barrutian soilik, denbora mugagabean.

TAO EXPRESS: Gune urdina eta zuria.

  • Ordutegi jarraitua izango du astelehenetik ostiralera: 09:00etatik 20:00etara. Larunbatetan 09:00etatik 13:30era.
  • Gehienez 30 minututan aparkatuta egon ahalko da. Arrasaten erroldatutako ibilgailuek tarifa onura bat izango dute, 15 minutukoa aparkaldi bakoitzeko. Bertan ezingo da aparkatu Bertakoentzako txartela erabiliz; beraz, tiketa atera beharko da.
  • TAO Expressetik ibilgailua eramanez gero, ezin da berriro Barruti berean aparkatu, 2 ordu igaro arte.

TAO ARRUNTA: Gune urdina.

  • Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:30ak arte eta 15:30etik 20:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan zerbitzua ez da abian egongo.
  • Gehienez 180 minututan aparkatuta egon ahalko da. Arrasaten erroldatutako ibilgailuek tarifa onura bat izango dute, 30 minutukoa aparkaldi bakoitzeko. Bertakoentzako txartela izango dutenek TAO arruntean aparkatu ahalko dute, bere Barrutian soilik, denbora mugagabean.
  • Barruti bateko TAO Arrunta eta TAO luze batetik autoa ateraz gero, 3 ordu pasa arte ezin da berriro Barruti berdinera bueltatu.

TAO DOAN: Gune urdina eta gorria.

  • Ordutegi jarraitua izango du astelehenetik ostiralera: 09.00etatik 20.00etara. Larunbatetan, 09:00etatik 13:30era.
  • Gehienez 90 minututan aparkatuta egon ahalko da. Bertan ezingo da aparkatu bertakoentzako txartela erabiliz; beraz, tiketa atera beharko da.

TAO LUZEA: Gune urdina eta berdea.

  • Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:30ak arte eta 15:30etik 20:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan zerbitzua ez da abian egongo.
  • Goizeko edo/eta arratsaldeko txanda lortu ahalko dira tiketa erosiz.
  • Bertakoentzako txartela izango dutenek TAO luzean aparkatu ahalko dute, bere Barrutian soilik, denbora mugagabean.
  • Barruti bateko TAO Arrunta eta TAO luze batetik autoa ateraz gero, 3 ordu pasa arte ezin da berriro Barruti berdinera bueltatu.

Bi DOANEKO aparkaleku

Bi kanpoko DOANEKO aparkagune egokitu dira, 3. BUS linea azkarrarekin lotuta: Arruenan eta Etxagibel Notarioa kalean kokatuak.

Herritarrekin bat osatutako sistema

2020ko urtarrilean partaidetza-prozesu zabal bat jarri zen abian, herritarrekin TAO sistema modu partekatuan lantzeko. Aldez aurretik, Arrasateko egungo egoeraren diagnostikoa egin zen, bai trafikoarena bai dauden aparkalekuena, eta TAOren hasierako proposamena egin zen, partaidetza-prozesuaren oinarri gisa erabili zena. Parte hartzeko bideak ireki ziren herritarrei informazioa bideratzeko eta emateko, bai eta iritziak eta eskariak jasotzeko ere (sare sozialak, online bideak, postontzi fisikoak). Eztabaida eta hausnarketa kolektiborako aurrez aurreko jardunaldi irekiekin amaitu zen prozesua.

Guztira, 488 ekarpen baino gehiago jaso ziren, hainbat modutan parte hartu zuten herritarren aldetik, gure udalerrian mugikortasun-eredu jasangarriagoa eta oinezkoentzat atseginagoa eraikitzeko helburuarekin, autoen fluxua murriztuz.

TAO Bulegoa

TAOren informazio bulegoa Olarte kaleko 16. Zenbakian kokatu da. Telefonoz (943 101006) edo posta elektronikoz (tao@arrasate.eus) ere egin ahal izango dira kontsultak. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo www.arrasate.eus/tao webgunera.