Arrasateko Udalak aurreikusi du hainbat aldaketa egitea 2024an Biztanleen Arreta Zerbitzuan (BAZen), laguntzailea, efizientea eta arina izan dadin
2023/12/292023ko bigarren seihilekoan azterketa bat egin zen BAZ Biztanleen Arreta Zerbitzuaren inguruan, hura hobetzeko asmoz. Azterketa horretan, aldagai hauek ikertu ziren: herritarrek zerbitzua zelan erabiltzen duten, erregistroen eta erantzunen eraginkortasuna, eta Gipuzkoan antzeko ezaugarriak dituzten udalerrietan ikustea zer eredu dagoen Biztanleen Arreta Zerbitzua emateko.
Ikerketaren arabera, erabiltzaile gehienek goizean erabiltzen dute zerbitzua, eta, neurri handi batean, laguntza eskatzen dute beren zalantzak argitzeko. Gainera, ikerketak erakusten du zerbitzua egun osoan zabalik izateak eragina duela zerbitzuaren efizientzia faltan; eta Arrasateko ordutegia salbuespena dela Gipuzkoa osoan, gainerako herrietan arreta zerbitzua goizean ematen baita eta arratsaldean egun batean baino ez.
Helburua da BAZ izatea laguntzailea, efizientea eta arina
Herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko, 39/2015 Legeak jasotzen dituen hiru helburu nagusi ezartzen dira. Lege horrek administrazio publiko eraginkor, garden eta bizkorra eskatzen du.
Berrantolaketa beharrak hainbat berrikuntza ekarriko ditu BAZera, eta gaur ezagutzen dugun zerbitzua erabat aldatuko da. Besteak beste, ordutegi aldaketak zerbitzuaren helburua birplanteatzen du eta, horren ondorioz, bulegoa birmoldatzea.
Urtarrilaren 2an ordutegi aldaketa
Langileen eta zerbitzuaren efizientzia hobetzeko emango den lehen aldaketa leihatilaren ordutegian izango da. Modu horretan, 2024ko urtarrilaren 2tik aurrera zerbitzua emango da 7:30etik 15:00etara, astelehenetik egubakoitzera.
Bi salbuespen izango dira lan egiten duten pertsonei aukera emateko lan orduz kanpo BAZ erabiltzeko: eguenak eta zapatuak. Eguenetan BAZ zabalik egongo da 07:30etik 18:30era, eta zapatuetan 09:00etatik 13:00etara, gaur egun bezala. Horrela, Arrasateko Biztanleen Arreta Zerbitzuak (BAZ), Gipuzkoan dauden beste udalerri batzuetako zerbitzuekin berdintzeaz gain, lanorduak bideratuko ditu eskabideak hobeto tramitatzeko.
Bulegoak berritzea zerbitzu berria eskaintzeko
Gaur egun ezagutzen dugun arreta zerbitzuaren ereduak ere aldaketa organikoak izango ditu, eta sisteman hobekuntzak. Antzeman da beharra dagoela arreta eredutik laguntza eredu batera igarotzeko, hau da, helburu nagusia izango da herritarrei laguntzea.
Horretarako, gaur egun ezagutzen ditugun bulegoak berritu egingo dira, eta eredu horizontala ezarriko da, hau da, langileen eta herritarren artean maila fisikoa ezabatuko da. Modu horretan, erregistroak egin ahal izateaz gain, Arrasateko Udalak bilatzen du herritarrari lagunduko dion zerbitzu eredura gerturatzea.
BAZeko tramiteak Internetez egin ahal izatea
Udalaren webguneko BAZ atala, geroago eta erabilera handiagoa duena, arrasate.eus webguneko menuan aurkitu daiteke. Zerbitzu nagusi bi ematen ditu, bata da informatzailea eta bestea tramiteena.
Informazio atalean aurkitu daitezke udaleko telefonoak, iragarki taula, zerga egutegia, farmaziak, TAOren inguruko informazioa, eta jakin daiteke zer udal zerbitzu dagoen.
Tramiteei dagokienez, bideratu daitezke errolda eskaerak, dirulaguntzak, obra baimenak, ordainagiriak, lan eskaintzak, kexak eta iradokizunak, izen emateak eta beste tramite batzuk.