Arrasateko Udalak Arrasateko LGTBI+ pertsonen bizi baldintza duinak bermatzeko diagnosi eta ekintza plana egingo du lehen aldiz

2024/06/13
Card image cap
Horretarako, Arrasateko LGTBI+ pertsonen testigantza eta parte hartzea eskatu ditu. Aurreikusten du diagnosia eta ekintza plana urtebeteko epean diseinatzea.

Arrasateko Udalak gaur aurkeztu du Arrasateko LGTBI+ pertsonen bizi baldintza duinak bermatzeko planaren diseinua. Aurkezpen horretan izan dira Maider Morras Azpiazu alkatea, Eva Abuin Bideburu Feminismoa eta LGTBI+ saileko zinegotzia, Morbor taldeko kide diren Garazi Bedatse Barberan Garai eta Oihan Zubizarreta Iribekanpos, eta diagnosia egiteko ardura izango duen Eihera kooperatibako kideak, Kattalin Miner Perez eta Iñigo Etxezarreta Toca.

“Udal Gobernutik apustu garbia egin dugu hasieratik LGTBI+ politikak lehen lerrora ekartzeko, horren adierazle da sailari izendapen hori eman izana. Baina izendapenaz harago, edukiz betetzea dagokigu eta hori da gaur hemen aurkezten duguna, lanketa abiarazteko abiapuntua, hain zuzen” adierazi du Maider Morras alkateak.

Norabide berean hitz egin du sailaren arduradun Eva Abuinek. “LGTBI+  kolektiboarekiko daukagun zor historikoa kitatzen hasteko lehen urratsa da hau, eta horretarako baliabide tekniko eta ekonomikoak bideratu ditugu lan ildo berria garatzeko, guztia mugimendu feministako eta LGTBI+ mugimenduko ordezkariekin adostuta”.

Diagnosia Arrasateko LGTBI+ pertsonekin batera

Eiherako ordezkariek prozesuaren berri eman dute, azaldu dute lehen urratsa diagnosia egitea izango dela, eta horretarako, ezinbestekotzat jo dute Arrasateko LGTBI+ pertsonen parte hartzea. “Orain hasi eta otsailera arte iraungo du fase honek. Udan zehar parte hartzaileen zerrenda bat egingo dugu, eta irailetik aurrera elkarrizketak eta datu jasotzeak egingo ditugu. Otsaila edo martxorako lehen ondorio batzuk izatea aurreikusten dugu. Dena ondo bidean, diagnositik eratorritako ekintza plana, urtebeteko epean izango dugu, 2025eko ekainean”.

Parte hartzeko moduak

Lehen fase honetan, arduradunek prest dauden pertsonen datu basea osatuko dute , hemendik eta irail bitartean. Horretarako, “ezinbestekotzat” jo dute Morbor sexu askapen taldearen parte hartzea eta Mugimendu Feministarena. Horrez gain, izena emateko formulario ireki bat egongo da kartelean dagoen QR-aren bitartez, eta lgtbi@eihera.eus helbidera idatziz.

“Izen emateei dagokienez, aipamen berezia egin nahi diogu Arrasatetik kanpo bizi diren arrasatear LGTBI+ pertsonei. Herrian bizi direnek parte hartzeaz gain, herritik kanpo bizitzera joan diren edo ziren guztiei ere dei egiten diegu parte hartzeko. Izan ere, LGTBI+ kolektiboan oso ohikoa den sexilioa (identitate edo orientazio arrazoiengatik beste herri edo hiri batera exiliatzea) ere aztertu nahi dugu. Beraz, pertsona horiei mezu hau helarazteko laguntza eskatu nahiko genioke herritarrei” adierazi dute Eiheratik.

LGTBI+ errealitateak