Arrasateko Udal Bibliotekak ikasturte berrirako egitaraua aurkeztu du

2024/09/10
Card image cap
Berrikuntzen artean daude idazketa tailerrak eta euskarazko komiki kluba

Arrasateko Udal Bibliotekak prest du dagoeneko ikasturte berrirako programazioa. Urrian hasi eta maiatzera arte luzatuko den egitarauan ohiko literatura solasaldiez gain, hainbat berrikuntza izango ditu, besteak beste, idazketa tailerrak eta euskarazko komiki kluba.

Solasaldiei dagokienez, oraingoan ere Bibliotekak literatura solasaldiak eskainiko ditu, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Guztira 22 solasaldi antolatu dira, ikasturte osoan banatuta.

Bigarren urtez komiki kluba, oraingoan euskaraz ere bai

Joan den ikasturtean komiki klubak izandako arrakasta ikusita, bigarren urtez antolatuko da. Elkarguneok taldean elkartu eta aldez aurretik irakurritako komikiak komentatzeko izango dira, dinamizatzaile batek bideratuta. Gaztelerazko taldea Azucena Mongek dinamizatuko du, urriaren 16 eta urtarrilaren 15a bitarte; eta euskarazko taldea, Igor Leturiak gidatuko du, otsailaren 12 eta maiatzaren 14a bitarte. Euskarazko Komiki Kluba lehen aldiz sortuko da aurten.

Idazketa tailerrak

Idazketan trebatu nahi dutenek ere izango dute formaziorako aukera, euskaraz zein gazteleraz. Gaztelerazko tailerrei dagokienez, oinarrizko zein sakontze mailako tailerrak izango dira; euskaraz, berriz, sakontze mailakoa.

Izen emateak irailaren 16tik 22ra

Jarduera horietan izena emateko epea irailaren 16tik 22ra izango da. Kontsultatu informazio guztia hemen deskargatu daitekeen eskuorrian edo bibliotekako webgunean: www.arrasate.eus/eu/web/biblioteka/biblioteka-erabili/jarduera.