Senegal ezagutzeko, ipuin kontaketa “Mundutik Arrasatera, Arrasatetik Mundura” egitasmoaren baitan datorren abenduaren 15ean Kulturaten
2022/12/12“Mundutik Arrasatera, Arrasatetik Mundura” egitasmoaren baitan, herriko kultura eta hizkuntza aniztasuna ikustaraztea helburu duen Ipuin Kontaketa antolatu dute datorren abenduaren 15erako, Bibliotekak, Aniztasun Sailak eta Ekin Emakumeak elkarteak elkarlanean. 18:00etan izango da Kulturaten, areto nagusian. Ipuina zuzenduta dago 5 urtetik gorako haurrei eta haien familiei.
“Gure herrietako errealitatea kulturaniztuna eta eleaniztuna da. Eskuartean daukagun proiektuaren helburua da aAberastasun hori ezagutzea eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eraikitzea, betiere euskara komunikaziorako eta kohesiorako tresna izanik” azaldu dute.
Egitasmo honen baitan aurreko kontakizunean ezagutu ziren Arrasaten bizi diren biztanleen jatorrietako ipuinak; Kongo, Kolonbia, Brasil, Maroko, Nikaragua, Sahara… Oraingo honetan, Senegaleko herria izango da protagonista. Ndank-Ndank elkarteko kideek “Hondarrezko herria” izeneko ipuina kontatuko dute. Senegalgo errealitatera gerturatzeko kontakizuna izango da, elkartasun balorearen indarra transmititzen duena.
Ndank-Ndank elkartea senegaldarrez eta euskaldunez osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. Bi komunitateen arteko elkarrekintza eta komunikazioa bultzatzen dute, kulturartekotasun balioa goraipatuz, eta elkarrekin lankidetzan Senegalgo Dionewar herrian proiektu desberdinak aurrera eramaten dituzte. Egiten duten lana hobeto ezagutzeko, sakatu hemen: https://youtu.be/0fVQO8QuvQE