Arrasateko landa lurrak erosteko prozesua egubakoitzean amaituko da, azaroak 8

2024/11/04
Card image cap
“Bertako bioaniztasuna berreskuratzeko” erosiko ditu Udalak landa lurrak. Landa lurren jabeek beraien eskaintzak aurkezteko aukera izango dute azaroaren 8ra arte.

Arrasateko Udalak udalerrian dauden landa lurrak erosteko prozedura ireki zuen pasa den hilabetean. Ondorioz, lur jabeek, beraien eskaintzak egin ahal izan dituzte, lehiaketaren oinarriei erantzunez. Salerosketa honetarako 100.000 euroko aurrekontua izango du Udalak eta eskaintzak aurkezteko epea egubakoitzean amaituko da, azaroak 8.

Bertako bioaniztasuna berreskuratzeko helburua

Politika ekologikoak sustatzeko deialdia da honako hau Udal ordezkarien esanetan. “Lur pribatuak publifikatuz basogintza politika ekologikoak burutzeko aukera izango dugu, bertako bioaniztasuna berreskuratuz, eta horri bide eman diezaiokeen bestelako kudeaketa mota batzuetan arakatzeko aukera zabalduz” adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.

Baldintzak eta epeak

Salerosketa hau burutzeko oinarriak publikoak dira Arrasateko Udalak webgunean (hemen dokumentua). Bertan jasotzen den bezala, Arrasateko Udalak “prozesu ireki bidez” eskuratu ahal izango ditu landa lurrak. Honek, aukera ematen die landa lurren jabeei, beraien eskaintzak aurkeztu ahal izateko. Horretarako epea azaroaren 8 izango da.

Proposamenak isilpekoak izango dira, eta, horretarako, bi gutun azal itxiak (A eta B) edo bi artxo elektroniko (A eta B) beharko dira. A gutun azalean lur sailaren irizpide teknikoak jasoko dira, hau da, lur sailaren kokapena eta azalera. Bestetik, B gutun azalean, irizpide ekonomikoak jasoko dira, hau da, lurraren jabeak lurraren salerosketarako ezarritako prezioa (€/m2). Prezio honek ezingo du gainditu 0,50€/m2 gehienezko prezioa. A eta B irizpideetan jasotako puntuazioaren arabera erosiko dira lur sailak, aurrekontua agortu arte.

Zalantzak argitzeko

“Garrantzitsua da dokumentazio guztia zuzen jaso eta aurkeztea, bestela, proposamenak, baztertu egingo dira. Horregatik, edozein zalantza izanez gero, jarri harremanetan Udaleko Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun sailarekin” azaldu dute:

Telefonoa: 943 25 20 09 edo 943 25 20 00 (luzp. 201)
E-posta: rugarte@arrasate.eus