Emakume Txokoak otsailetik ekainera bitarteko plangintza berria aurkeztu du.
2025/01/28Jabetze eskolako ikastaroak, tailerrak, topaguneak eta herritar guztiei zuzendutako egitarau zabalak osatzen dute udaberriko proposamena. Plangintza berriak tresnak eskaini nahi ditu emakumeen ahalduntze prozesuak, sareak, eta begirada eta hausnarketa feministak sustatzeko. Horretarako, Jabetze eskolako proposamenetan, nagusi izango dira elkar zaintza, ahizpatasuna eta konfiantzazko giroa.
Giro hori sustatu nahi da baita ere , herritarrei zuzenduta, egitarauaren baitan eskainiko diren askotariko ekimenetan, eraldaketa feministan bidelagun izan daitezen.
Jabetze Eskola, formakuntza eta topagunea
Emakumeon* errealitate eta zapalkuntza ezberdinak abiapuntu bezala hartuta, hauei erreparatzeko eta elkarrekin ahaldundu eta eragiteko aukerak lantzeko, prestakuntza eta topagune ezberdinak eskaintzen ditu Jabetze eskolak.
Hiruhileko honetan, 11 ikastaro, bi tailer eta gune iraunkorrak eskainiko dira, lan ildo ezberdinak jorratuko dituztenak eta lanketa pertsonala eta kolektiboa uztartzen dutenak.
Jabetze eskolan parte hartzeko izena emateko aukera izango da otsailaren 3tik 7ra bitartean.
Esparru ezberdinetan adituak diren formatzaileek ikuspegi feministatik lan egingo dute, genero aginduek eta botere harremanek emakumeongan* sortzen dituzten indarkeriaz eta zapalkuntzez ohartzeko, eragiten dizkiguten ondoezak lantzeko eta eraldaketarako bide kolektiboak urratzeko. Emakumeon* autonomia eta parte hartze soziala eta politikoa sustatzeko helburuarekin lan egingo dugu.
Jabetze eskolaren eskaintza
Gorputzaren eta osasunaren lanketak badu garrantzia Jabetze eskolan eta aukera ezberdinak izango dira ildo horretatik jarduteko: Dantza, Chi kung, Zoru Pelbikoa indartzeko ikastaroa, Gorputz-eta sexu ahalduntzea…
Norberaren zaintza emozionalerako ikastaroak eta Sormen tailerrak, emozioak kudeatzeko tresnak eskainiko dituzte. Jende aurrean hitz egiteko tekniken ikastaroak eta baita ere kantuan aritzeko ikastaroak, tresnak eskainiko dizkigute gure ahotsa indartzeko, lotsari eta beldurrei aurre egiteko eta dagokigun espazioa hartzeko eta disfrutatzeko.
Sendabelarren ikastaroa eta eskalada ikastaroetan ere gure autonomia sustatzeko tresnak eskuratuko ditugu; jakintzak eta hausnarketak partekatuko ditugu eta elkarrekin ikasiko dugu. Irrintzia ere praktikatu ahalko dugu eta eskalada gorputz agertoki komun eta askotariko gisa lantzeko aukerak izango ditugu udaberriko bina tailerretan.
Emakume migratuen topaguneak eta Irakurketa feministen guneak garrantzi berezia dute eskolaren baitan, aukera eskaintzen baitute, gune iraunkor bezala lan egiteko eta arnas luzeko lanketak egiteko.
Emakume* bakoitzaren behar eta interesetara egokitzeko asmoarekin, askotariko lan ildoak eskaintzen ditu Jabetze Eskolak eta ateak irekita ditu norbanako eta eragileen proposamenetarako.
Gonbidapena arrasatearrei: udaberriko egitaraua 11 ekimenez josita
Aldi berean, Emakume Txokoak, herritar guztiak gonbidatu nahi ditu , otsailean hasita, antolatu duen egitarauan parte hartzera. Proposamen berrian, genealogia feminista egiteko eta hausnarketa kolektibo feminista eragiteko, hainbat kultur ekitaldi antolatu ditugu: zine emanaldiak, antzerki emanaldiak, hitzaldi-solasaldiak, errezitaldiak, eta liburu aurkezpenak, besteak beste.
“Irrintzi” eta “Euskal Emakumeak” laburmetraien emanaldiarekin hasiko dugu egitaraua, otsailaren 26an, Kulturaten. Mirentxu Loyarte zinemagilearen lana berrikusi eta genealogia feminista ariketa bat egingo dugu, Arantza Santesteban, zinegile eta zine adituak zuzenduko duen solasaldiarekin.
Martxoak 8ko egitaraua ere bidean dugu, borroka feminista eta ospakizuna uztartuko dituzten deialdiekin bat eginez.
“Emakumeak protagonista” solasaldia ere berreskuratuko dugu apirilean eta Maialen Lujanbioren rr errezitaldiak hartuko dio txanda maiatzaren 15ean.
Informazio gehiago, Emakume Txokoan
Egitarauaren liburuxka bihar, hilak 29, hasiko dira etxez etxe banatzen. Plangintzaren informazio praktikoa edo azalpen gehigarririk behar izanez gero, Emakume Txokoak zabalik ditu ateak:
- Astelehenetik eguenera: 10:30-14:00 eta 15:00-18:00
- Egubakoitzetan: 10:00-14:00
- emakumetxokoa@arrasate.eus
- 943 79 41 39 / 618 20 62 33 (Whatsapp)
- Egitaraua eta izen emate orriak, hemen eskuragarri.