“Eskolara Oinez” Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astean
2021/09/107. urtez jarraian, Eskolara Oinez egitasmoaren esparruan, motordun ibilgailuak alde batera utzi eta oinez mugitzera animatu nahi ditugu Arrasateko ikasle eta irakasle guztiak.
Irailaren 16tik 22ra antolatzen da Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea; aurten, “zure osasunagatik mugi zaitez modu iraunkorrean” lelopean.
Trafikoaren zarata eta kea gutxitzeko, eskola inguru seguruagoa izateko, berotegi efektuko gasen emisioa murrizteko eta norberaren osasuna hobetzeko, garrantzitsua da mugikortasun aktiboa izatea.
Mugikortasun iraunkor, osasuntsu eta seguruaren alde egiteko, eskolara oinez joatera animatzen ditugu Arrasateko ikasle guztiak irailaren 16tik 22ra. Aurten ere, Udalako Ingurumen Eskolako irakasleek ibilbide bi gidatuko dituzte, eta Arrasate Herri Eskolako 3.4.5. eta 6. Mailako ikasleek parte hartuko dute. Ibilbide bi egingo dira: bata Biterin hasiko da eta, bestea, San Andres auzoan, Kurtzetxiki plazan.
Aurten, zabaldu egin dugu eskaintza, eta 3. mailatik 6. maila arteko ikasleek parte hartu dezakete. Egitasmoan parte hartzeko, izena eman beharra dago irailaren 14a baino lehen.
Animatu nahi zaituztegu aste hori igaro ostean, ikasturte osoan, lagunak elkartu, taldeak osatu eta oinez eskola joan zaitezten. Animatu zaitezte! Egizue ingurumenaren eta osasunaren alde, eta joan zaitezte eskolara oinez!
Ikasturte honetan, gainera, Eskolako Agenda 2030 proiektuan Garapen Iraunkorreko Helburuetan (GIH) 11.a landuko dugu: hiri eta komunitate jasangarriak. Proiektuaren xede nagusia izango da hiriak eta kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea, eta eskolara oinez egitasmoak guztiz bat egiten du helburu horrekin.