Arrasateko alkatea: “Iosurekin egiten ari direna eskandalagarria da eta bere bizitzaren azken fasea duintasunez igarotzen uztea eskatzen dugu”

2014/06/04
Card image cap
Gaur eguerdian Iosu Uribetxeberria bisitatzen izan dira Arrasateko alkate, Inazio Azkarragaurizar eta Udal Gobernuko bozeramale, Maider Morras, Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko Arrasateko Herri Bilguneko kideek lagunduta

Iosuren etxetik irten ostean, alkateak adierazi du Iosu animoso ikusi dutela, jarri dizkioten neurri zorrotzak jasaten ari den arren. “Iosuk mezu bat bidali digu denontzako; jarrai dezagula konponbidearen eta bakearen alde egiten, bide onetik goazela”.

Duela bi urte, euskal jendarteak egindako ahaleginari esker, lortu zen espainiar estatuak legea bete eta Iosu etxera ekartzea eta Azkarragaurizarrek gogorarazi du Iosuk uneoro bete izan dituela garai hartan Zaintza Epaitegiak ezarritako neurri zorrotzak. Gaineratu du Iosuk uko egin ziola tratamenduari “osasun eragozpen handiak sortzen zizkiolako, eta sendagileek denbora oso mugatua duela esan zioten”.

Baina Iosuk bizirik jarraitzen du eta, alkatearen esanetan, “bere bizitzako azken fasea are modu gordinagoan igaro dezan, muturrera eraman dute bere kontrako mendekua: zentzurik ez duen prozedura judizial bat ireki diote eta, horren haritik, etxetik irtetea ere debekatu diote”.

Iosu zigor nagusienera zigortuta zegoen, hots, 30 urtera. Beste 10 epaiketa eginda ere, zigorra 30 urtetan geldituko litzateke. Orain dela ia 30 urteko ekintza bat leporatu nahi diote. 17 urte pasatu dira Iosu atxilotu zutenetik eta orain arte ez diote leporatu ekintza hau. Alkateak azpimarratu du orain epaitu gabeko auzi bategatik, epaitutako guztiengatik baino neurri gogorragoak jarri dizkiotela, “zer eta Iosuren bizitzak oso denbora mugatua duela dakitenean”. Epaileak ere horren jakitun dira, baina etxean preso egon behar duela erabaki dute, eta etxe aurrean polizia jarri, tentsioa areagotuz.Alkateak Iosurekin egiten ari direna “eskandalagarria” dela salatu du:

“ Ez dugu onartzen Iosu etxean espetxeratzea eta bere bizitzaren azken fasea duintasunez igarotzen uztea eskatzen dugu.   Aplika diezaiotela legea eta utz dezatela libre, eta berarekin batera gaixorik diren preso guztiak. Beraien eskubidea da”. 

Azkenik, Euskal Herritar guztiak gonbidatu ditu ekainaren 13an Arrasatera etor daitezen Iosuren egoera eta presoen aurkako mendeku politika salatzera “

Gaixorik dauden preso guztiak etxean eta aske egon behar dutela berretsiko dugu. Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde.  Ekainaren 13an Herriko plazan elkartuko gara, arratsaldeko 19:00etan”.