Abian da partaidetza prozesua Uribe auzoko eta Legarra plazako parkeak berritzeko

2022/03/04
Card image cap
Bozketa prozesua abian jarriko da astelehen honetan, martxoaren 7an, eta zabalik egongo da martxoaren 20ra arte.

Udalak abian jarri du partaidetza prozesu bat Uribe auzoko eta Legarra plazako parkeen diseinu berria aukeratzeko. Udalak instalazio horiek berrituko ditu 120.000 euroko partida batez, 2022ko udal aurrekontuetan jasoa: 40.000 euro Uribe parkerako eta 80.000 euro Legarrarako.

Parkeek 15 urtetik gora dute, eta eraberritze sakona behar dute. Uribeko parkeak 375 metro koadro du eta Legarrakoak 745. Proiektatutako aukerak 27 dira guztira: 13 Uribe auzoarentzat eta 14 Legarra plazarentzat. Proposamen guztiek dibertsitate funtzionala duten pertsonei egokitutako elementuak dituzte.

Diseinatutako maketetan ikusi daitezke parkeetarako askotariko gaiak eta jolas elementuak, hala nola gazteluak, oihanak, ibaiak, Erdi Aroko hiri bat, pump track-a, espazioa edo Udalatx mendiaren erreplika bat. Bakoitzak bere joko elementuak ditu.

Bozketa prozesua abian jarriko da astelehen honetan, martxoaren 7an, eta zabalik egongo da martxoaren 20ra arte. Parkeen diseinu proposamenen maketak erakutsiko dira udalaren webgunean eta bozketa guneetan. 16 urte edo gehiago dituzten arrasatear guztiek bozkatu ahal izango dute. Udalak bide bi jarri ditu bozkatzeko: fisikoki BAZen, Iturripen eta San Isidro Jubilatuen Elkartean, eta online. Herriko txikienek ere bozkatu ahal izango dute, baina ikastetxeetan. Ikasgela bakoitzak partaidetza inprimakia beteko du.

Jarduera kokatzen da arrasatearrei kalitateko instalazioak eta zerbitzu publikoak eskaintzeko etengabeko estrategiaren barruan. Udalaren helburua da apirilean parke biak eraberritzeko obraren lizitazio prozesua abian jartzea, eta hobetze lanak 2022ko bigarren seihilekoan exekutatzea.